Efemeridea • 2022ko uztailaren 6a
Bizenta Mogel: euskaraz argitaratu zuen lehen emakumea
Ipui onak izeneko lana abiapuntu ederra izan zen alegiak euskaraz idatzi zituen beste askorentzat.
Gaurkoan, Bizenta Mogel ekarriko dugu gogora, hots, euskaraz idatzi zuen lehen emakume idazlea eta Ipui onak, umeentzat euskaraz idatzitako lehen literatura lanaren egilea, haren jaiotzaren 240. urteurrenean.
Azkoitian jaio zen, 1782an, familia ikasi baten baitan; aita medikua zuen eta osaba Joan Antonio, berriz, abade, idazle eta euskaraz idatzitako “Peru Abarka” (1802) lehen eleberriaren egilea. Aita hil ondoren, Bizenta artean oso gaztea zela, Markinara joan zen bizitzera Juan José nebarekin batera, osaba Bizkaiko herri horretan bizi baitzen. Eta osabak irakatsi zion Bizentari. Izan ere, Joan Antonio Mogelek latina irakatsi eta literatura lantzen has zedila gogatu zuen loba. Hori dela eta, Bizentak jakintza humanistiko zabala hartu zuen eta literatura-lan ugari ekoitzi zituen.
Garai hartan, ez zuten begi onez ikusten emakumeek idaztea eta, hortaz, emakume batzuek gizonen izengoitiak erabili ohi zituzten liburuetan. Bizentak berak onartu zuen oso ausarta zela emakume idazlea izateagatik, baina kultura-maila handiko etxe batean hazi eta hezi zenez, gogoz hartu zuen idaztea.
Bizenta Mogelen Ipui onak izeneko lana (Esoporen alegien itzulpen, moldaketa eta bere lanez osaturikoa) 1804an argitaratu zen 22 urte besterik ez zituela.
1817an, Markinan ezkondu zen Abandoko elizateko bizilaguna zen Eleuterio Basozabal merkatari eta konpainien ordezkariarekin eta, ezkondu eta lasterrera, Abandora joan zen bizitzera. 1819 eta 1832 urteen artean, Bizenta Mogelek Gabon Cantac liburua argitaratu zuen, Santiagoko elizan eta Bilboko San Frantzisko komentuan kantatzen ziren abestiak jasota.
Bizkaiko Diputazioan ere itzultzaile jardun zuen, eta Bizenta Mogelen itzulpen-lan bat gorderik dago bertan. Abandon hil zen, 1854ko ekainaren 29an.