Efemeridea • 2023ko ekainaren 8a
Bizkaitarra. Lehen euskal argitalpen abertzaleak orain dela 130 urte ikusi zuen argia
130 urte bete dira gaur prentsa abertzalearen hastapenetatik. Izan ere, 1893ko ekainaren 8an, ostegunarekin, Bizkaitarra sortu zen, nahiz eta igandera arte ez zen argitalpenaren izenaren aldarri egin Bilboko kalerik kale saltzeko.
Bizkaitarra-ren lehen alea kaleko orri gisa argitaratu zen, ele bietan, bi zutabetan antolatuta: «Bizkai’ko euskeraz», ezkerraldean eta «España’ko erderaz», eskuinaldean.
Egunkari horren lehen azalaren gaia −Sabino Arana zuzendariaren lehen liburuan bezala− historikoa izan zen, eta «Bizkaia 1601an» izan zuen hizpide, Bizkaiak Filipe III-aren kontraforuei egindako erresistentzia eta beste artikulu batek, «Bizkaia 1893an» izenekoak, zekarren egoera kontrajarriz.
Bizkaitarra-ren zabalkundea euskal abertzaletasunaren antolaketa politikoa baino lehenagokoa izan zen. Bada, lehen erakunde abertzalea, Euskeldun Batzokija urtebete geroago eratu zen, eta eta egunkari horretako orrialdeetan jasotakoa erabili zuen bere doktrinatzat.
Bizkaitarra-k bi urte pasatxo iraun zuen, aldi horretan, 32 zenbaki eta 5 gehigarri argitaratu ziren guztira, eta geroko argitalpen abertzale askoren amaiera berdina izan zuen, hau da, argitalpenaren etendura eta itxiera, Espainiako agintarien aginduz.
Bizkaitarra-k edo, bestela esanda, Sabino Aranak, zortzi salaketa, zazpi auzibide, hiru isun eta hiru espetxeratze pairatu behar izan zituen. Euskal abertzaletasunaren hastapenetan, zabalkunderik handieneko argitalpena izan zen, eta haren izena erabili zen, azken buruan, lehen euskal abertzaleak izendatzeko, arruntean, «bizkaitarrak».
Luis de Gezalak DEIA egunkarian, 2013ko ekainaren 8an, argitaratutako artikulua «Bizkaitarra. 120 años del primer periódico nacionalista vasco» izenekoa, erantsi diogu urtemugari.