Efemeridea • 2022ko azaroaren 30a
«Bizkaya por su independencia. Cuatro glorias patrias»
Sabino Aranak eduki politikoz argitaratutako lehen liburua izan zen. 1892ko azaroaren 30ean, Ander Deuna egunean, kaleratu zen, eta Arrigorriagako gudaren oroitzapena jasotzen da liburuan
Aranak La Abeja aldizkarian argitaratutako artikuluek osatu zuten liburua. Hasiera batean, liburuaren 2.000 ale argitaratu ziren. Argitalpen horretan, Arrigorriagako (888), Gordexolako eta Otxandioko (1355) eta Mungiako (1470) guden nondik norakoak azaltzen dira eta Bizkaia leondarren eta gaztelauen hedapen saiakeretatik defendatu zela interpretatzen da. Sabino Aranak eduki politiko garbia jorratutako lehen liburua da, eta horren bidez hasi zen ospea hartzen. Bilboko Euskal Herria elkarteko kideek Arana gonbidatu zuten liburua aurkeztera eta, bilera hartan, bere programa politikoa azaldu zuen, gerora, «Larrazabalgo zina» izenez gogoratu zen ekitaldian, hain zuzen ere.