Efemeridea • 2023ko martxoaren 15a
Blas de Otero: olerkigintza eta komunismoa.
Gaurkoa lako egun batean, 1916ko martxoaren 15ean, Blas de Otero olerkaria jaio zen Bilbon.
Gerra osteko poeta onenetakoa izan zen, besteak beste, Gabriel Aresti, Gabriel Celaya eta Vidal de Nicolasekin batera. Josulagunen eskutik egin zituen lehen ikasketak Maria de Maeztu eta Begoñako Andre Maria ikastetxeetan, bi-biak Bilbon. Bederatzi urte zituela, familia Madrilera joan zen, eta han egin zituen Batxilergoa eta ondoren Filosofia eta Letretako lizentzia atera zuen. Urte batzuk geroago, Zuzenbide ikasketak egin zituen Valladolideko Unibertsitatean.
Batxilergoan egon zen garaian poesiaren mundua interesatzen hasi zitzaion García Lorcaren bertsoak ezagutu zituenean. 1942an argitaratu zuen lehen lana, Cántico Espiritual San Joan Gurutzekoaren omenez. Ondoren Ángel fieramente humano (1950) eta Redoble de conciencia (1951) etorri ziren. Azken horri esker, Bartzelonako Boscán saria jaso zuen.
Hurrengo urtean, 1952an, Blas de Otero PCEn (Espainiako Alderdi Komunista) sartu zen, eta urte batzuk eman zituen Parisen. 1955ean, Bartzelonara joan zen bizitzera, eta bertan bizi izan zen hiru urtez. 1958an, Ancia obra idatzi zuen, eta Kritika-ren saria (1959) eta Fastenrath saria (1961) jaso zituen. Hurrengo urtean, bidaia egin zuen Sobietar Batasunera eta urte batzuk geroago Txinara.
1965ean, Habanara joateko gonbidapena jaso zuen Amerikako Etxearen poesia-lehiaketan epaimahaikide gisa parte hartzeko, eta orduan, Kuban bizitzen geratu zen hiru urtez. Madrilera itzuli zenean, bertan bizi izan zen hil zen arte.
1979ko ekainaren 29an hil zen, bihotzeko gaitz batek jota. Blas de Oterok hainbat sari jaso zituen bizitzan bere lanaren aintzatespen gisa eta lan ugari argitaratu zituen. Era berean, kolaboratzaile aritu zen Egan, Bilbao eta Raíz aldizkarietan.