Efemeridea 2021ko otsailaren 22a

Casilda Iturrizar Urkixo: emakume bikain baten bizitza eta egintzak

Gaurkoa lako egun batean, 1900eko otsailaren 22an, hil zen Casilda Iturrizar Urkixo, Epaltzaren alarguna.

Casilda Iturrizar Urkixo: emakume bikain baten bizitza eta egintzak

Gaurkoa lako egun batean, 1900eko otsailaren 22an, hil zen Casilda Iturrizar Urkixo, Epaltzaren alarguna.

 

Bilboko Seberetxe auzoan jaio zen 1818an, eta Bizkaiko hiriburuko ongile eta mezenas handienetako bat izan zen XIX. mendearen amaieran. 1859an, Tomas Jose Joaquin Epaltza Zurbaranekin ezkondu zen San Nikolas elizan. Epaltza hiriko merkatari eta bankari garrantzitsuenetakoa zen, eta Bilbo eta Bizkaiko industrializazioari hasiera eman eta prozesua erraztu zuten meatzaritzako, burdingintzako eta garraioko hainbat enpresatan inbertitu zuen.

 

1873an hil ondoren, Casilda Iturrizarrek dirutza handia jaso zuen jaraunspenean eta Bilboko emakumerik aberatsen bilakatu zen, zenbatespenen arabera, hamabi milioi errealeko kapitalaren jabe zela. Senarraren negozioekin jarraitzeaz gain, ongintzan jardun zuen, eta dohaintza ugari egin zituen erruki etxean, ospitale zibilean edo Bilboko Udalean, kasurako, Tiboliko eskolak eraikitzeko, beste ekarpen askoren artean.

 

1900eko otsailaren 22an hil zen, Estufa kaleko bere etxean, gaur egun, Epaltzaren alargunaren kalean. Hil zenean, ondorengorik ez zuela, bere ondasun eta jabetzak ongintza, erlijio eta filantropiako lan ugariren artean banatuta utzi zituen, senideentzat ere legatu txikia utzita. 1902an, "Casilda Iturrizar andrearen Eskolak” izeneko fundazioa sortu zen.

 

Gaur egun ere, asko dira haren izena daramaten egintzak, hala nola Bilboko Udalak DBHko 4. mailako hamar ikasleri ematen dizkien bekak. Era berean, Epaltzaren alargunaren kalean armarri bat dago idazkun hau duena: “MCDCCCC urtea. Bilboko udalerriak Casilda Iturrizar andrearen omenez”. Casilda Iturrizar izena daroan parkean ere monumentua eraiki zen ongilearen omenez. Gainera, aipatu behar Bilbon bi kale dituen pertsona bakarra dela.

 

Eduardo J. Alonso Oleak DEIA egunkariaren “Historias vascas” sailean, 2019ko urtarrilaren 19an, argitaraturiko erreportajea erantsi diogu artikuluari.