Efemeridea • 2023ko martxoaren 30a
Euskal Erria Euskal Etxea: euskaldunen etxea Montevideon.
Gaurko lako egun batean, 1912ko martxoaren 30ean, Euskal Erria euskal etxea sortu zen Montevideon (Uruguai).
Egun hartan, Manuel Zendoia buru zuen behin-behineko batzordea eratu zen, eta apirilaren 8tik maiatzaren 18ra egindako beste sei bileren ondotik, estatutuak bozkatu eta lehen Zuzendaritza Kontseilua hautatu zen.
Urte horretako uztailaren 1ean, Uruguaiko hiriburuko Kolon antzokian egindako bilkuran, estatutuak berretsi ziren eta lehen batzarra aukeratu zen. Orduan, araudia onartu ostean, sozietatearen burutza urtero-urtero Iparraldeko eta Hegoaldekoen artean txandakatu behar zela ezarri zen. Kargu hori nork beteko zuen hautatzeko, zozketa egin zen koloretako pilota batzuk erabiliz, eta Nikolas Intziarte aukeratu zuten elkartearen lehen burua, Araba, Gipuzkoa, Bizkai eta Nafarroako lurraldeetako ordezkari.
Hasiera-hasieratik, elkarteak egoitzarik ez zuenez, ekartekideak Langileen Zirkulu Katolikoan, Club Español-en eta Frantsesen Elkartean bildu ziren. Azaroan, Intziartek Cancha de Basilio (Basilioren zelaia) erosi zuen bere ekimenez, sozietatearen egoitzatzat erabiltzeko. Hala ere, tamaina horretako ordainketa bati aurre egin ezin zionez, elkarteak 14 urte behar izan zituen 1926ra arte, hain zuzen, lokala bere elkarteburu ohiari erosi ahal izateko.
1943tik aurrera, Montevideoko Euskal Aste Handiaren ondoren, euskal etxeak lan handia egin zuen kulturaren arloan. Horren adibide bikain dugu Euskal Ikasketen Saila eta euskarazko lehen katedra sortzea Errepublikako Unibertsitatean.
Gaur egun, 111 urteko historia duela, Montevideoko Euskal Erria euskal etxea Ameriketako euskaldunen elkarguneetako bat da.
Argazkian, Montevideoko Euskal Erria elkarteko bazkideen lehen bilera. (Iturria: Eusko Jaurlaritzaren Urazandi bildumako liburua).