Efemeridea • 2020ko azaroaren 5a
CEVA, Euskal diasporaren bozgorailua
Gaurkoa lako egun batean, 1960ko azaroaren 5ean, Euzko Amerika’ko Bazkun Alkartasuna (Confederación de Entidades Vascas de América) sortu zen Buenos Aires hirian, Leizaola lehendakaria ohorezko presidente izendatuta.
Euzko Amerika’ko Bazkun Alkartasuna (CEVA) zelakoaren lehen biltzarra Buenos Airesen egin zen, gaurkoa lako egun batean, duela 60 urte, erbesteko Eusko Jaurlaritzako lehendakari Jesus Maria Leizaola ohorezko presidentea zela.
1973an, Argentina, Brasil, Kanada, Txile, Kolonbia, Estatu Batuetako, Mexiko, Uruguai eta Venezuelako elkarteek osatzen zuten CEVA. Andoni Astigarraga Konfederazioaren buru zela, diasporako erakundeen eragile aktibo eta nabarmenetakoa izan zen Francoren diktaduraren amaieran eta osteko garaian. Horren haritik, EAJ legeztatzearen aldeko kanpaina egin zuen, bai eta preso politikoen amnistiaren aldekoa eta Espainiako administrazioaren menpe zeuden lau lurraldeak biltzen zituen euskal autonomia-estatutuaren aldekoa ere. Hala eta guztiz ere, ez zuen lortu Euskal Erakundeen Munduko Konfederazioa sortzerik, Australia eta Filipinetako euskal elkarteak ezin izan baitzituen txertatu antolakundeak. 80ko hamarkadan, CEVA pisua eta eraginkortasuna galtzen joan zen.