Efemeridea • 2024ko ekainaren 19a
Eta Bilbok askatasuna galdu zuen
Artxanda mendian, ehunka gudarik bizia eman arren, 1937ko ekainaren 19an, Francoren tropa matxinatuek hiria konkistatu zuten, euren aireko nagusitasuna erabatekoa zelako.
Artxanda mendiko azken gudan bizia galdu zuten gudariek ordu batzuetako aldia irabazi zuten Bilboko zibilak ebakuatzeko. Atxilotuta zeuden etsai eskuindarrak –mila baino gehiago– askatzeko modua ere eman zuten, eta botererik ez zegoen une zail horietan, atxilotuek ere bizia salbatu zuten. Matxinatutako presoak zaintzeaz eta Bilbon sartu ziren soldadu matxinatuen esku uzteaz arduratu ziren gudariek eginkizun zail hori bete zuten euren askatasunaren kontura, eta kasu askotan, haiei ere heriotza-zigorra ezarri zieten.
Guztiaz ere, sakrifizio horiei esker, Bilbo ez zen suntsitu. Zubiak baino ez zituzten hondatu, etsaien abantzua ahalik eta gehien oztopatzeko. Errefuxiatu gehienek ihes egin zuten. Ehun eta berrogeita hamar mila euskaldunek ere jo zuten erbestera. Eta Bilbok inoiz ezagututako garairik txarrena hasi zen.
Diktadura hartan pairatu zituen Bilbok hiriko urterik tristeenak eta ilunenak. Batetik, askatasunik gabe bizi zelako eta banako nahiz taldeko giza eskubideak errespetatzen ez zirelako, eta bestetik, bertako seme-alabetako asko erbestera joan behar izan zelako edo, bestela, isilik egotera behartuta egon zirelako, eta horrek Bizkaiko hiriburuaren sasoirik antzu eta idorrena ekarri zuen, bizitzaren arlo guztietan.
Luis de Gezalak DEIA egunkarian, 2010ko ekainaren 18an, argitaratutako artikulua «Cuando Bilbao perdió la LIbertad » izenekoa, erantsi diogu urtemugari.
Eta Aitor Miñambresek, DEIA egunkariaren Historias vascas atalean, 2012/06/9a argitaratutako erreportajea erantsi diogu artikuluari.