Efemeridea • 2021ko uztailaren 2a
Dantzari Eguna, azkenik, Bilbon
Gaurkoa lako egun batean, 1979ko uztailaren 2an, Bilboko zezen-plazan egin zen jaialdia, eta zazpi herrialdeetatik etorritako 95 taldek hartu zuten parte.
Bizkaitarrek aspalditik amestutako jaialdia egin zen, azkenean 1979ko uztailaren 2an: urte hartako Dantzari eguna Bilbon egin zen, zezen-plazan, hain zuzen ere. Euskal Herriko zazpi herrialdeetatik etorritako 95 talde eta 2.000 dantzari baino gehiago bildu ziren plazan.
Festa ahaztezina izan zen jaialdiaz gozatzeko aukera izan zutenentzat, Euskal Herriko folklore oparoaren erakusgarri bikaina izan baitzen ekitaldi hura. Taldeak Bilbo Handiko auzo eta herrietan ibili ziren goizean, eta arratsaldean, Bizkaiko hiriburuan artean ikusi ez zen erakustaldi paregabea eskaini zuten Vista Alegreko zezen-plazan.
Zezen-plazara iritsitakoan, bi gizonek eta emakume batek zezen-plazaren goialdean zegoen Espainiako bandera jaitsi eta, horren ordez, ikurrina jaso zuten. Poliziak dei ezezagun batez izan zuen egintzen berri, baina zezen-plazara iritsi orduko, egileak ez zeuden bertan.
Euskal Dantzarien Biltzarrak (dantzarien elkartea eta euskal dantza-taldeen federazioa) antolatutako ekitaldi horren hamaikagarren edizioa izan zen. Euskal Dantzarien Biltzarra 1966an sortu zen, “euskal dantzari guztiak Euskal Herriko dantzen ikasketa, irakaskuntza eta praktikaren inguruan biltzeko” helburu nagusiarekin. Lehenengo Dantzari Eguna 1967ko Pazko egunean egin zen, Miarritzen.
1. argazkia.- Dantzari eguneko erakustaldia Bilboko zezen-plazan.
2. argazkia.- Ikurrina jaso zen unea.