Efemeridea 2021ko martxoaren 17a

EAB: euskal abertzale aurrendariak

Gaurkoa lako egun batean, 1922ko martxoaren 17an, Ambrose Martin o'Daly nazionalista irlandarrak Bilbon emandako hitzaldi baten ostean, Emakume Abertzale Batza (EAB) sortu zen, Iralandako “Cumann na mBan” emakumeen elkartea eredu hartuta.

EAB: euskal abertzale aurrendariak

Gaurkoa lako egun batean, 1922ko martxoaren 17an, Ambrose Martin o'Daly nazionalista irlandarrak Bilbon emandako hitzaldi baten ostean, Emakume Abertzale Batza (EAB) sortu zen, Iralandako “Cumann na mBan” emakumeen elkartea eredu hartuta.

 

Hitzaldi horretan, o'Dalyk emakume irlandar eta nazionalistek osaturiko “Cumann na mBan” erakundearen lanaz hitz egin zuen: etxean eta erlijioari lotuta egindako jarduerez gain, herrialdearen askatasunaren aldeko ekintzaile moduan egiten zuten lanaz aritu zen hizlaria. Hitzaldiaren amaieran, Emakume Abertzale Batza sortu zen, 300 emakume inguru elkartu zirela. Bilboko Eusko Gazteria elkarteko buru Elias Gallastegi izan zen sustatzailea, hitzaldia hango lokaletan egin baitzen.

 

Egun hartan, elkartearen helburu nagusiak ezarri ziren: ideia abertzaleak zabaltzea eta ongintza, euskararen irakaskuntza edo ekitaldi abertzaleak antolatzea, besteak beste. Ordura arte, emakumeen partaidetza urria zen gizarte-bizitzan eta politikaren esparruan, baina EABren jarduera nagusia ez zen izan emakumeen eskubideak defendatzea, abertzaletasuna bultzatzea baizik.

 

Emakume Abertzale Batza, hasiera batean, emakume abertzalearen eredua hobetzen aritu zen, baina jarduera hori eten egin zen Primo de Riveraren diktadura ezarri zenean, 1923an. Bigarren Errepublikatik aurrera, erakundea berriz eratu zela, euskal lurralde guztietara hedatu zen berriro ere elkartearen lana. Euskara bultzatu zuten, gizarte-laguntzako eta behartsuenei laguntzeko lanak egin zituzten, baita zabalkunde-lanak ere, EAJren ekitaldi politiko eta publikoetan zuzenean parte harturik.

 

Elkarte horretako emakume nabarmenetako batzuk hauexek izan ziren: Polixene Trabudua, Sorne Unzueta, Elbira Zipitria, Maria Uranga eta Haydée Agirre. Gainera, horietako batzuek Euzkadi, El Día eta La Voz de Navarra egunkarietan ere idatzi zuten.

 

1936tik aurrera, gerra iritsi zenean, berrasmatu behar izan zuten euren eginkizuna, eta familiaren eragile nagusi bihurtu ziren gizonak kartzelan zeuden artean edo fusilatu ostean; erbestean zeuden umeei laguntzen; eta, areago, euskal presoekiko eta haien familiekiko elkartasun-sare klandestinoa osatu zuten (Alava sarea). Francoren diktaduraren sasoian, erbestean baino ez ikusi emakume horien guztien lana.

 

Ana Urkizaren erreportajea (Hermes 44. 2013ko uztaila) erantsi diogu gaurko artikuluari.