Efemeridea • 2020ko uztailaren 28a
EAJ-PNV alderdiaren EBBk Gerra Zibilean Sabino Aranaren gorpuzkiak lekuz aldatzeari buruzko akta
Gaur goizean, euskal abertzaletasunarentzat balio berezia daukan dokumentu historiko baten kopia jaso dugu Sabino Arana Fundazioaren egoitzan, Iñaki Anasagastiren eskutik: “Euzko Alderdi Jeltzalearen sortzaile Sabino Arana Goiriren gorpuzkiak gordeta dituen zinkezko ontzia bere aurrean itxi eta soldatu izanaren ziurtagiria”. Akta 1937ko apirilaren 30ean egin zen, Euzko Alderdi Jeltzalearen Bilboko egoitzan, eta bertan, 19 burukidek parte hartu zuen.
Aldez aurretik, apirilaren 27an, Gernikako bonbardaketa izan baino 24 ordu lehenago, EAJ-PNVren EBBko kideen batzorde bat joan zen Sukarrietako hilerrira, Doroteo Ziaurritz buru zela. Juan Ajuriagerra ere batzorde horretako kidea zen. Gizon horien helburua zen Sabino Aranaren gorpuzkiak hobitik atera eta seguru eta onik eramatea beste leku batera. Izan ere, Sabinoren gorpuzkiak aipatu hilerri horretan lurperatu zituzten 1903an, baina frankisten oldarra ikusita, beldur ziren Sabinoren hilobia profanatuko ote zuten.
Hasteko eta bat, Aranaren gorpuzkiak Sabin Etxera eraman zituzten, eta zinkezko ontzi batean sartu zituzten. Egintza hori aipatu dugun aktan jaso zen. Geroago, zinkezko kutxa hori Manuel Sainz de Taramonaren familiaren panteoian utzi zen, Herrerako hilerrian, Zallako udalerrian.
Hala ere, Sabinoren gorpuzki guztiak ez zituzten Zallan gorde; hezurren batzuk Michel Garikoitz dohatsuaren jaiotetxera eraman zituzten, Ibarrera (Ipar Euskal Herria). Gorpuzki guztiak leku hartara eraman zituztela zabaldu zen, Zallako ehorzketa isilpean gordetzeko. Nolanahi ere, ekintza horren bidez, frankistek Zallako gorpuzkiak aurkituz gero, Sabino Aranaren gorpuzki guztiak betiko galtzea saihestu nahi zen.
1989ko urtarrilaren 1ean, Sabino Arana Goiriren gorpuzki guztiak Sukarrietako jatorrizko hilobira eraman zituzten berriro, eta gaur egun bertan dautza.