Efemeridea • 2024ko uztailaren 17a
EAJ-PNV alderdia eta giza eskubideen defentsa
1932ko uztailaren 17an, espainolista eskuindarrek euskal abertzaleei leporatu zieten konspirazio judu-masoniko bateko partaide zirela.
1932ko uztailaren 17an, “Judaismoa, nazionalismoa eta komunismoa” izenburuko libelo bat zabaldu zen Bilboko elizetan. Liburuxkak honako tesi hau aldarrikatzen zuen: era formalean, EAJ katolikoa izan arren, bere doktrina eta ekintza politikoa komunismoaren eta judaismoaren eragina errazten ari zirela. Idazki gaizto horren egileek –Espainiako eskuindarrek− garai hartako zaborrik higuingarrientzat jotzen zituzten judutarrak.
EAJk kexa-idazkia bidali zien Iruñeko eta Gasteizko gotzainei, bai eta Aita Santuaren Espainiako estatuko nuntzioari ere. Lehenengoak eskutitz laburra bidali zuen, auzi horretan parte hartuko ez zuela erantzunda, hautaturiko zentsoreek ere parte hartuko ez zutela argudiatuta. Mateo Muxika Gasteizko gotzainak, berriz, 1932ko abuztuaren 8ko gutunean, liburuxka gaitzetsi zuen, eta arrazoia eman zion jeltzaleen kexari, hauxe adierazita: “oro har, bertan esaten direnak faltsuak dira eta Elizaren arauen aurkakoa”.
Juduen aldeko keinuren batek alderdiaren irudiari kalte egin ziokeelako pentsamendua baztertuta, 1933. urtean, EAJk alderdiaren kexarik irmoena bidali zion Nazioen Elkarteari –egungo Nazio Batuen Erakundearen aurrekaria− , juduak Alemanian pairatzen ari ziren jazarpenagatik. Hala dago jasota Bizkai Buru Batzarrak Manuel Irujori 1933ko ekainaren 27an bidalitako gutun batean; azkena Irujoren artxiboan gordeta dago.
Beste askoren artean, azaldutako gertakariak argiro erakusten digu, hemen, nazionalsozialismoarekiko begikotasuna izan zuten bakarrak espainolista eskuindarrak izan zirela beti, Hitlerren tesietatik hurbil baitzeuden.
Orduan, orain bezala, EAJ-PNV alderdia giza eskubideen defentsaren abangoardian zegoen.