Efemeridea 2020ko urriaren 26a

Ebaristo Bustintza “Kirikiño”, zientzia-gizona letren munduan

Gaurkoa lako egun batean jaio zen, 1866ko urriaren 26an, Mañarian (Bizkaia).

Ebaristo Bustintza “Kirikiño”, zientzia-gizona letren munduan

Ebaristo Bustintza “Kirikiñok” Herriko eskolan egin zituen lehen urteak eta gero Durangon jarraitu zuen ikasten. 1878an, Bustintzatarrak Almansara (Albacete) joan ziren, eta bertan amaitu zuen Batxilergoa. 17 urte zituela, Madrilera joan zen Bide Ingeniaritza ikasteko asmoz. Bertan, ostatua partekatu zuen ikasle-talde batekin, besteak beste, Marcelo Torrontegirekin. Azkenik, Fisika eta Matematika ikastea erabaki zuen, Zientzia Fakultatean. Marcelo Torrontegirekin izandako solasaldiek garrantzi handia izan zuten euskaldunen munduarekiko interesa pizten.

 

Lizentziatu zenean, Matematika irakasten lan egin zuen Siguenzan, Bilbora itzuli zen arte. 1899an, Bizkaiko hiriburuan, harremanetan jarri zen Resurreccion Maria Azkuerekin, eta “Euskalzale” idazten lagundu zion. Bertan argitaratu zen Kirikiñoren lehen lana: “Zerutar bat".

 

1902tik 1903ra, Azkuek bere ardurapean utzi zuen Ibaizabal astekari sortu berriaren zuzendaritza. Dirudienez, argitalpen horrek eredu linguistiko berria sortu nahi izan zuen, apurka-apurka sortu ere, garaiko euskaldunen ortografia eta estilo literariotik gehiegi aldendu barik.

 

Kirikiño” euskarazko kazetaritzaren aurrendaria izan zen, eta 1913. urtetik, “Euzkadi” egunkariaren “Euskal Atala” izeneko saila, Euzko Alderdi Jeltzalearen ideologiatik hurbilekoa, zuzendu zuen. Urte batzuk geroago, 1917 eta 1918 artean, haren konpromiso politikoaren ildoan, Bizkai Buru Batzarreko kide ere izan zen.

 

Ebaristo Bustintzak egunero-egunero argitaratu zituen testuak sail horretan, 1928ra arte. Horren ostean, beste egile askoren zuzentzaile izan zen. Lan horretarako, “Kirikiño” ez izena aukeratu zuen.

 

Kirikiño Pirinioetako alde honetako euskarazko kazetaritzaren lehen zutarrietakoa izan zen. Modu nekaezinean jardun zuen sasoi hartako kazetaritza-hedabideetan, “Euzkadi” egunkarian egindako lana nabarmendu behar delarik. Hedabide horretan, euskarazko artikuluak argitaratzeaz arduratu zen 1913tik 1928ra. 1929ko urtarrilaren 31n hil zen.