Efemeridea • 2024ko abenduaren 5a
1976ko abenduaren 5ean, ikurrina jendaurrean agertu zen berriro Atotxako zelaian
Athletic Clubeko kapitainak, Jose Angel Iribarrek, eta Realeko kapitainak, Inaxio Kortabarriak, erakutsi zuten partida hasi aurretik.
Une guztiz gogoangarria izan zen, aintzat hartzen badugu euskal bandera artean legez kanpokoa zela Hegoaldean; hala, bi kapitainen argazkia, ikurrina zeroatela, Trantsizio deituriko garaiaren ikur garrantzitsu bihurtu zen Euskadin, bai eta mugarri esanguratsu ere euskal ikur nagusia legeztatzeko eta onartzeko bidean.
Jose Antonio de la Hoz Uranga Realeko jokalariaren arrebak egin zuen ikurrin hura, eta jokalari txuri-urdinak eraman zuen zelaira; hala ere, ustekaberen bat izan zuen aurretiaz, Zarauzko etxetik Donostiara zihoala, Polizia Nazionalak geldiarazi egin baitzuen. Poliziek, baina, ez zuten ikurrina ikusi eta, azkenean, Atotxan sartu zuen eta Salva Iriarteren laguntzaz, bi kapitainei eman zien zelaian bertan. Irudian, De la Hoz Uranga dugu ikurrinak ezkutatzen duen pertsona, Kortabarria eta Iribar artean.