Efemeridea • 2024ko apirilaren 9a
1869ko apirilaren 9an, Florencio Constantino bataiatu zuten Abandoko (gaur egun, Bilbo) San Bizente elizan
Argentinara emigratu eta, bertan, nekazaritzan lan egin ostean, kantua ikasi zuen eta Constantino bizi izan zen garaiko tenorrik nabarmenetakoa izan zen.
Montevideon egin zuen debuta. Geroago, kantu ikasketak egin zituen Italian eta arrakasta handiz abestu zuen herrialde horretako antzokietan. Polonian, Errusian eta Alemanian ere kantatu zuen eta, 1906an, txandaka ibili zen Londresko Covent Gardenen Enrico Carusorekin Rigoletto interpretatzen. Urte horretan bertan, Estatu Batuetara joan zen abestera, eta estreinaldia izan zuen New Orleansen Carmen opera abestuta. Karrera bikaina eten zitzaion alkoholismo-arazoengatik eta, azkenean, Mexiko hiriko klinika psikiatriko batean ospitaleratu zuten. Han hil zen 1919ko azaroaren 19an.