Efemeridea 2020ko ekainaren 4a

El Correo Vasco, lehen euskal egunkari abertzalea

Lehen alea 1899ko ekainaren 4an argitaratu zen eta hiru hilabete eta erdi geroago itxi egin zuten.

El Correo Vasco, lehen euskal egunkari abertzalea

1899ko ekainaren 4an, El Correo Vasco aurreneko euskal egunkari abertzalearen lehen alea argitaratu zen Bilbon, Octaviano Mir zuzendaria zela. Geroago, Pedro Torrontegik hartu zuen kargu hori. Luis eta Sabino Arana Goiri anaiek sortu zuten egunkaria eta 103 zenbaki baino ez ziren kaleratu, urte bereko irailaren 15ean itxi baitzuten. Izan ere, Francisco Silvela kontserbadorea buru zuen Espainiako Gobernuaren iritziz “(Espainiako) aberriaren osotasunaren interes sakratuei erasotzen zien”.


Egunkariaren aurkezpenean, honela mintzatu zitzaien euskal herritarrei: “Geure erritarrei. (…) Onetarakoxe datorralako paper edo ingi au argira. Zuben begijen aurreko gauzeak argituteko, Bizkai ta Euzkadi guztijaren zorigaistua ikusi ta egiten dautsoenak igarri daikiezantzat”.


El Correo Vasco egunkaria argitaratzen hasi zenean, ondokoak ere kaleratzen ziren Bizkaiko hiriburuan: El Noticiero Bilbaíno independentea, El Norte errepublikazalea, EI Nervión erregezale eta kontserbadorea eta El Porvenir Vasco liberal-dinastikoa.


El Correo Vasco egunkariaren erredakzioa Lutxana kaleko 1. zenbakian egon zen. Kaleratu zen denbora laburrean, mila harpidedunetik gora izan zituen egunkari hark. Hala ere, Maria Kristina Austriakoa erreginaordeak sinatutako dekretu batek konstituzioaren bermeak bertan behera utzi zituen Bizkaian eta euskal abertzaletasun hasiberriak bultzatutako hainbat ekimeni giltza eman zien.


Idatzizko prentsari dagokionez, El Correo Vasco egunkaria dugu argitaratzen utzi ez zuten bakarra lurraldean. Gainerakoei gagozkiela, gobernadoreak argitu zien neurria ez zela haien aurkakoa, ezpada, abertzaleen aurkakoa. Neurri hertsatzaile hark Ramón de la Sotaren Euskalduna astekariari ere eragin zion, bai eta beste euskal erakunderi ere, hala nola Bermeoko batzokiari, Barakaldoko Alkartasuna elkarteari eta Bilboko Euskeria orfeoiari.


Geroago, euskal abertzaletasunari lotutako egunkari eta aldizkari ugari argitaratu ziren II. Errepublika etorri arte, zentsura eta jazarpen gogorraren eraginpean argitaratu arren. Hala ere, diktadura frankista heltzeaz batera, zuztarretik jo zuten prentsa askea garatzeko itxaropena.


Argazkian, El Correo Vasco egunkariaren azken alea ikus daiteke. Egunkaria 1899ko ekainaren 4tik irailaren 15era argitaratu zen.


El Correo Vasco egunkariak ez dauka zerikusirik gaur egun El Correo izenarekin (lehen, El Correo Español-El Pueblo Vasco) Bilbon argitaratzen den egunkariarekin.