Efemeridea • 2022ko urriaren 13a
Mateo Muxikaren erbesteratzea, 1936ko urriaren 13an
Frankistek erbestera bidali zuten Gasteizko gotzaina, “etsaiekin elkar hartuta zegoelako susmagarria zela” leporatuta.
Muxika Idiazabalen (Gipuzkoa) jaio zen, 1870ean, eta hasiera batean, altxamendu militarraren alde egin bazuen ere, katolikoek “Espainiako armadari kalterik egiten lagundu ez zezatela, ez asko, ez gutxi, ez zuzenean, ez zeharka” galdatuta, matxinatuen gehiegikeria eta basakeriengatik eta euskal elizbarrutiak izandako jokaeragatik, iritziz aldatu zen arin bai arin. Gasteizko gotzainak protestak igorri zituen Egoitza Santura, bere ardurapeko elizbarrutiko fededunak “bidegabeki jazartzen, iraintzen eta zigortzen zituztela Mugimendu Nazionaleko ordezkari eta zabaltzaileek eta indarrez lapurtzen zietela” argudiatuta. Burgosko Batzarrak Muxika abertzaleekin bat eginda zegoela susmatzen zuen, Errepublikan ez zuelako behar bezain gogor jokatu abertzaletasunaren aurka, eta 1936ko urriaren 13an, Gasteizko gotzaina erbesteratzeko agindu zuen, ‘etsaiekin elkar hartuta zegoelakoan’.
1931n, agintari errepublikarren erbesteratzea ere pairatu zuen. Bigarren atzerrialditik itzuli ahal izateko, 1947ra arte itxaron behar izan zuen, Bigarren Mundu Gerra amaitu eta Franco boterean sendo finkatuta zegoela. Hegoaldera etorrita, Zarautzen bizi izan zen, eta bertan hil zen, itsu, 98 urte zituela.
Iñaki Goioganak DEIA egunkariaren Historias de los vascos sailean, 2010-06-12an, argitaratutako erreportajea erantsi diogu artikuluari.