Efemeridea • 2022ko maiatzaren 27a
Lizarrako Estatutua, euskal estatutuaren aurreneko proiektua
Iraganean, maiatzak 27 zituen batean, euskal estatutuaren aldeko kanpainari ekin zioten Hegoaldeko hamazortzi alkate bildu ziren Nafarroako Foru Diputazioan.
Gaurkoa lako egun batean, 1931ko maiatzaren 27an, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako hamazortzi alkate batzartu ziren Nafarroako Foru Diputazioko Vianako printzea aretoan, artean, Hegoaldeko lau lurraldeetako erakunde batzuetatik egiten ari ziren euskal estatutuaren aldeko ahaleginak batzeko asmoz.
Euskal estatutuaren aldeko kanpainari ekin eta batzarrean izandako hamazortzi euskal alkateak ondokoak ditugu:
Arabakoak: Guillermo Ruiz del Castaño (Laudio), Emilio Lopez de Heredia (Agurain), Faustino Bengoa (Aramaio) eta Sinforiano G. de Bentrosa (Eltziego).
Bizkaikoak: Julian Ariño (Elorrio), José Antonio Agirre (Getxo), Florencio J. Basterretxea (Bermeo) eta Jose Arostegi (Mundaka).
Gipuzkoakoak: Casto Orbegozo (Azpeitia), Pablo Egibar (Andoain), Victoriano Arrate (Zumaia) eta Ignacio Zubizarreta (Bergara).
Nafarroakoak: Gregorio Ulibarri (Ameskoabarrena), Faustino Asanza (Abarzuza), Cayetano Ulibarri (Larraona), Martin Ruiz (Aranaratxe), Miguel Anduez (Eulate) eta Agustin Blanco (Zangoza).
Eusko Ikaskuntzak hartu zuen Estatutua idazteko ardura; ingurumari horretan, premiazkoa zen euskal udalerriek onartu eta aldarrikatzea ekainaren 28a baino lehen, hau da, Gorte Konstituziogileetarako hauteskundeak egin aurretik. Gogoratu behar dugu hilabete eta erdi lehenago -apirilaren 14an- Bigarren Errepublika aldarrikatu zela.
Hori dela eta, Euzkadiko Alkateen Batzorde Iraunkorra eratu zen, ondoko udalburuek osatua: Nafarroako Zangozakoa (Agustin Blanco); Bizkaiko Getxokoa (Jose Antonio Agirre); Gipuzkoako Azpeitikoa (Casto Orbegozo) eta Arabako Laudiokoa (Guillermo Ruiz del Castaño). Batzorde horren ardurak izan behar zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kudeaketa-batzordetako eta Nafarroako Foru Diputazioko ordezkariekin ahalik eta lasterren biltzea, proiektuaren berri emateko eta Eusko Ikaskuntzari Estatutua albait arinen prestatzeko, euskal lurraldeetako udal guztiek eskuratu eta aztertzea izan zezaten.
Bilera hartan, ekainaren 14ko data ezarri zen Euskal Udalen Biltzar Nagusia Lizarran egiteko, eta, era berean, lau gobernadore zibilak gonbidatu ziren Batzar Nagusi horren buru izan eta, aldi berean, euskal udalen asmoen berriemaile izan zitezen Errepublikaren behin-behineko gobernuaren aurrean.
Ekainaren 14an, euskal udalerrietako ordezkarien bilera jendetsua egin zen eta, bilkura hartan, 427 alkatek aldeko botoa eman zioten estatutuari, Lizarran batu ziren 548 alkateetatik. Horren haritik, estatutu-proposamen zehatza landu zen eta, harrezkero, Errepublikaren bedeinkapena besterik ez zen behar, baina euskal estatutuak ez zuen halako aitorpenik jaso. Errepublika sasoiko lehen saiakera horren atzetik, beste bat etorri zen, baina autogobernua ez zen gerrara arte iritsi, eta, emankorra izan arren, 1936ko urritik 1937ko ekainera arte baino ez zuen iraun. Geroago, diktadurak 40 urte iraun zuen.
Argazkiak:
Estatutuaren aldeko kanpainari ekin zioten hamazortzi euskal alkateak, Nafarroako Foru Diputazioko Vianako printzearen aretoan bilduta.
Horri lotutako albistea 1931ko maiatzaren 28ko Euzkadi egunkarian.