Efemeridea • 2022ko azaroaren 4a
“Cobetas” ontziaren hondoratzea
Lehen Mundu Gerrari amaiera eman zion armistizioa sinatu baino egun batzuk lehenago, euskal baporea Brest hiritik oso gertu hondoratu zen, Frantziako Bretainian.
1918ko azaroaren 4an, Compañía Naviera Vascongada ontzi-etxearen euskal baporea Bilbotik abiatu zen Cardiff hirira (Gales) 3.400 tona mineral eramateko asmoz. Lehen Mundu Gerraren amaiera ekarri zuen armistizioa sinatu aurreko egunak ziren.
Galeserantz abiatu aurretik, geldialdia egin zuen Donibane Lohizunen, beste itsasontzi batzuei itxaroteko helburuz. Une horretatik aurrera, Cobetas ontziak Hisson izeneko lurrunontzi ingelesaren lorratzean nabigatu zuen beste itsasontzi batzuekin batera. Brest hiritik oso gertu, baina, Frantziako Bretainian, behelaino mardula zegoela eta, Cobetas ontziak Hisson ontzia jo zuen eta euskal baporea hondoratu egin zen. Hemeretzi tripulatzaileetatik hamabi hil ziren. Perssy ontzi ingelesak erreskatatu zituen bizirik atera zirenak eta Brest hirian lehorreratu zituen.
Hamabi hildakoak hauek izan ziren: Paciano Urizar, lehen ofiziala; Andrés Conceiro, lehen makinaria; Rafael Pérez, kontramaisua; Federico Navarro, makina-laguntzailea; Juan Fernández, galdara-zaintzailea; Miguel Bilbao eta Manuel Zarragoiti, marinelak; José Martín Heros, Ángel Doval eta Jerónimo Burgues, suginak; Pascual Solloa, paladuna; eta Fernando Aberasturi, sukaldaria.
Abenduaren 14an, Begoñako basilikan egindako mezan gomutatu zituzten senideek eta lagunek.
Geroago, ontzi-etxeak izen bereko beste bi itsasontzi izan zituen.