Efemeridea • 2023ko martxoaren 28a
Erbestealdiko Lehendakari baten zina.
1960ko martxoaren 28an, Jesus Maria Leizaolak bigarren euskal lehendakari-karguaren zina egin zuen Donibane Lohizunen, egun batzuk lehenago Parisen hil zen Jose Antonio Agirre Lehendakariaren hilkutxaren aurrean.
Lehendakari Zarra-k erbestetik egin zuen lan, Frantziako hiriburutik. Handik, lan nekeza egin zuen diktadura frankistaren basakeriak salatzeko eta askatasunaren nahiz euskal autogobernuaren sugarrari eusteko. 1979an, erbestean 43 urte eman ondoren, Euskadira itzultzea izan zuen, une hartan demokrazia eta autogobernua berreskuratzen hasita baitzeuden.
Leizaola eredu bizia da gure Herriarentzat. Haren bizitza, haren nortasuna, haren lanak, haren konpromisoa, hark jarauntsian utzitakoa… indarrean daude gaur egun gu guztiontzat.
Jesus Maria Leizaolak, Donibane Lohizuneko hilerrian, Agirreren hilkutxaren aurrean egindako zina hauxe da:
“Zure aurrean, Agirre eta Lekube’tar Joseba Andoni, Euzkadiko Jaurlaritza sortu bear zanean erriyak berak autatuko Lendakariya,
Jaurlaritza orren eta Euzkadi’ko lurraren alde gudaldiyan, gudarostean, aberriyan eta atzerriyan jo eta iraun duten euzkotar errigai Alkartasunak eta langileenak artu izan dituzten erabakiyak beteaz;
Gure erriyaren eskubideak erriyaren eskuetara berriro ekartzeko ni neroni oso-osorik jarri nadin arrek askatasunean legezko Agintariyak aukeratu izango dituan arteraño,
Zuri erriyak eman zizkian Lendakaritza eta betebearrak nere gain artzen ditut, zugandik ikasitakoak eta zugan ikusitakoak aurrera eraman ditzezkidan indar eta gogo guziz, Jaungoikoak biziya utziko didan bitartean,
Eta, zuk, Gernika’n bezela, zintzo ariko naizelaren, eta zuk zure eriotza arte alako eredua emanaz Lendakaritzan erriarenganako zintzotasunean egin zenitunak jarraituko ditudalaren, zin egiten det”.