Efemeridea • 2020ko azaroaren 25a
El “Maestro” del nacionalismo vasco
Gaurkoa lako egun batean, 1903ko azaroaren 25ean, hil zen Sabino Arana Goiri, Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ-PNV) sortzailea eta “Euzkadi euskaldunon aberria” dela aldarrikatzen lehena.
Sabino Arana Goiri Abandoko elizatean jaio zen, (gaur egungo Bilbon), 1865eko urtarrilaren 26an. Garai zailak ziren ordukoak Euskal Herriarentzat, eta umezaroan, gerra eta erbestea pairatu zituen. Azken karlistaldia amaitu zenean, euskal herritarren gehiengoak alde egindako bandoaren porrota izan zela eta, Espainiako Gobernuak, garaipen militarra baliatuz, tradiziozko euskal foru-erakundeak baliogabetu zituen Erresumako biztanle guztiak espainiartasunaren ereduari lotuta bateratzeko asmoa zuela argudiatuta. Ingurumari horretan, euskal nortasuna, kultura eta hizkuntza agintariek ezereztu beharreko elementuak ziren. Euskal herritarren euskaltasunak bizirauteko arriskua areagotu egin zen, eta gainera, aldaketa politikoekin batera, aldaketa ekonomiko nabarmenak etorri ziren, batez ere, Bizkaian gertatu zen industrializazio handiaren ondorioz. Izan ere, besteak beste, Euskaditik kanpoko etorkin ugari etorri ziren sasoi hartan euskal lurraldeetara.
Ziurgabetasun eta nahasmen egoera hartan, Euskal Herriarentzat itxuraz irtenbiderik ez zeukan egoera batean, porrot- eta ezkortasun-giroz blaituta, Sabino Arana gizon gogoetatsu eta erabakigarri gisa agertu zen, ideiak plazaratuta, antolatzeko eta buruzagi izateko gaitasuna erakutsita, karisma, eginbeharraren ardura eta norberaren burua eskaintzeko prestasuna agertuta, guztion onura helburu. Euskal herritarren errealitatea nazio gisa aitortu eta euskal aberriaren sena bereganatu zuen, eta gazte-gaztetatik sentimendu hori herrikideen artean zabaltzen jardun zuen, abertzale haien guztien artean, euskaldunak behin betiko desagertzea saihesteko asmoz. “Batean ez, ehun biderrez ere jarriko nuke lepoa urkabearen azpian, nire izenaz gomutatzea ere eskatzeko asmorik barik, baldin eta jakingo banu nire heriotzaren ostean nire aberria berpiztuko litzatekeela”, iragarri zuen 1893ko ekainaren 3an, jarduera politikoa hasi zuenean.
Egunkariak argitaratu zituen, eta haien bidez, bere ideiak zabaldu eta Euskal Herria identifikatu eta defendatzeko ikurrak erakutsi zituen; Euzko Alderdi Jeltzalea sortu eta antolatu zuen, Espainiako gobernuaren zoritxar eta errepresio guztien aurrean, eta bizitza eta ondasunak ere eman zituen, jaio zeneko aberriaren biziraupena defendatzeagatik. Aranaren jarduerak hamar urte iraun zuen guztira, 38 urte zituela hil baitzen, 1903ko azaroaren 25ean, bizitza laburraren azken zatia kartzelan eta gaixotasunak jota emanda. Alabaina, Arana Goiriren lana emankorra izan zen eta, hil aurretik, Euskal Herriaren defentsan borrokan jarraitu zuen euskal abertzaleen talde antolatua utzi zuen jaraunspenean. Talde horretako kideek arrakasta izan zuten euren jarduera politikoan, segurutik, politikan zuten prestakuntzagatik baino gehiago, euren burua lan horretan eskaintzeko prestutasunagatik. Azkena eta beste hainbeste gauza ikasi zizkioten Sabino Aranari, eta haren ikasbideari lotuta, “maisu” deitu zioten.
DEIA egunkariaren ‘Historias de los Vascos’ sailean argitaratutako erreportajeak:
2009/11/28 Luis de Gezala.
2016/02/27 Joseba Agirreazkuenaga.
2017/11/25 Jean-Claude Larronde.