Efemeridea • 2022ko urriaren 5a
Bilboko Arte Ederren Museoa, ereduzko pinakoteka artea maite dutenentzat
1908ko urriaren 5ean eratu zen museoa, patronatuaren lehen bilera egin eta estatutuak onartu zirela.
Bilboko Arte Ederren Museoak (Sabino Arana Saria, 2008), 114 urte bete ditu gaur. Egungo museoak 1908an sortu eta 1914an ireki zen Arte Ederren lehen museoan eta 1924an inauguratu zen Arte Modernoaren Museoan dauka jatorria. Bi erakundeak eta euretako bildumak 1945ean batu ziren, museoaren eraikin zaharra egun dagoen lekuan altxatu zen urtean. 1970ean, eraikin modernoa gehitu zitzaion, eta 2001ean egindako eraberritze garrantzitsu batek gaurko eitea eman zion, azkenik, oraingo museoari.
Ehun urteko aldian, ereduzko jardunbidea izan du Arte Ederren Museoak; herritarrek, tokiko artistek eta erakunde publikoek taxutu dute museoaren izaera eta haren hazkundea bultzatu dute, erosketa garrantzitsuak eginez eta dohaintza esanguratsuak jasoz, gerora, bildumaren ardatz nagusi bilakatu eta ondoko hazkundea ahalbidetu delarik.
Ildo horretan, azpimarratzekoa da museoaren bildumak askotarikotasuna eta kalitatea, arte-garai ugari eta arte-adierazpen anitz ere biltzen dituela, euskal egileei eta euskal artearen historia hurbilari arreta berezia eskainita.