Efemeridea • 2024ko otsailaren 20a
Mendigoizale Bazkunaren sorrera
1909ko otsailaren 20an, euskal mendizale abertzaleen Mendigoizale Bazkuna antolakundearen araudia onartu zen.
Euzko Alderdi Jeltzalearen Bilboko Eusko Gaztedi-ren baitan jardun zuen mendigoizale-talde horren ezaugarri nagusiak hauexek izan ziren: gaztetasuna, abertzaletasuna eta Euskadiko mendi-zelaietatik zehar etengabe egiten zituzten txangoetako aldarri independentziazaleak. Gainera, doktrina zabaltzeko sare ezin hobea sortzen asmatu zuten, mitinak, euskara-, dantza- eta kantu-eskolak erabiliz eta esku-orriak, liburuxkak eta egunkari abertzaleak banatuz.
Ramon Egia, Felix Landaburu eta Angel Pico izan ziren, hurrenez hurren, lehen zuzendaritza-batzordeko presidentea, presidenteordea eta idazkaria.