Efemeridea • 2023ko otsailaren 7a
Europako Mugimenduaren Kontseilu federalaren sorrera
1949ko otsailaren 7tik 8ra sortu zen, Eusko Jaurlaritzak Parisen zeukan ordezkaritzan.
Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren, erbestean zeuden euskal buruzagi politikoek erabateko konpromisoa hartu zuten, Europako gainerako kideekin batera, Europa berreraikitzeko.
Estatu espainiarrean erregimen demokratikoa ezar zedila eta Europa berriak herri eta nazionalitate txikiak errespeta zitzala eskatu nahi zuten euskaldunek. Hala, 1949ko otsailaren 7an eta 8an, Europako Mugimendua sortu zen, Europaren eraikuntza biziberritzeko lanak hainbat alderditatik bultzatu behar zituen iritzi-talde gisa. Mugimendu horretako gizonik adierazgarrienak, besteak beste, Churchill, Adenauer, Schuman, De Gasperi, Monet eta Jose Antonio Agirre lehendakaria izan ziren.
Jose Antonio Agirrek, erbesteko Eusko Jaurlaritzako buruzagi nagusiak, Europaren berreraikuntzaren, nazioarteko segurtasunaren eta bakerako ideien inguruan bete-betean parte hartu zuen; Europako Mugimenduaren helburu nagusia Europan demokrazia babestea izan zen.
Jose Mª Gonzalez Zorrilla DEIA egunkariaren Historias Vascas sailean, 2014ko apirilaren 26an, argitaratutako erreportajea erantsi diogu artikuluari.