Efemeridea • 2022ko ekainaren 2a
Euskal abertzaletasuna XX. mendeko demokrazia kristauan
59 urte bete dira gaur, Demokrazia Kristauaren Nazioarteko Lantalde Berrien (NLB) barruan, Espainiako estatuko talde bat eratzeko akordioa egin zenetik.
Ofizialki, NLB direlakoak Valoniako Chaudfontaine herrian (Belgika) eratu ziren, Lieja hiritik gertu, 1947ko ekainaren 2an. Bigarren Mundu Gerrak Europako kontinenteari ekarri zizkion triskantza eta kalteen ostean, NLBek bi beharri erantzun zieten. Batetik, Europar Batasun Federala egitura politiko gisa eraikitzeko lanari lotu zitzaizkion lantaldeak, Europan bakea finkatzeko eta sobietarren espantsionismoari aurre egiteko helburuz, eta bestetik, ildo kristauari atxikitako pertsonak eta alderdi demokratikoak NLBetan biltzeko asmoz.
NLBak eraz osatu aurreko bilerak Parisen egin ziren. Eusko Jaurlaritzaren egoitza prestalanak egiteko topalekua izan zen behin baino gehiagotan, eta EAJ alderdiak halako saioetan parte hartu zuen gogotik hasiera-hasieratik. 1963ko ekainaren 2an, EAJ, UDC, Ezker Demokrata Kristaua eta Demokrazia Sozial Kristaua alderdiek agiri bat sinatu zuten Bartzelonan, Espainiako estatuaren esparruan, NLBetako kide izateko borondatea agertuta.
Argazkian, Agirre lehendakaria, Leizaola eta Landaburu, Europako pertsona ospetsuen alboan, besteak beste, Literaturako Nobel saridun izan zen François Mauriac-en alboan.
Akordioaren berrogeita hamargarren urteurrena zela eta, Iñaki Goikotxetak, 2013ko ekainaren 1ean, DEIA egunkariaren Historias vascas sailean, argitaratutako erreportajea erantsi diogu artikuluari.