Efemeridea • 2024ko urtarrilaren 19a
Juan Ezenarro Mendia Txori Txiki euskal olerkaria
Gaurkoa lako egun batean hil zen, 1945eko urtarrilaren 19an, Irunen, erbestetik itzuli eta hilabete gutxira.
Antzuolan jaio zen, 1890eko ekainaren 26an, eta ama hil ondotik, Donostiara joan zen bizitzera, aitaren aldeko aitonaren etxera, sei urte zituela. Osasun makalekoa zela eta, hamabost urterekin, osaba baten etxera joan zen Nafarroako Gares herrira, hango klima lehorragoa eta eguzkitsuagoa zelarik. 24 urte zituenean, osasunez indarberriturik, Errenteriara joan zen, espartinen lantegi batean lan egitera; geroago, bere lantegia eraiki zuen Irunen.
Irunen, olerkiak argitaratzen hasi zen El Bidasoa, Euskal Esnalea, Gure Herria, Hermes eta Euskal Herria aldizkarietan. 1918an, akzesita eskuratu zuen Donostiako lore-jokoetan, «Patxi Arro» poesiari esker, eta 1924an, ohorezko aipamena Gure Herria aldizkariaren lehiaketan, «Agur Bidasoa» olerkiari esker.
Euskal abertzalea eta katolikoa zen, eta Gerra Zibila hasi zenean, Hendaiara ihes egin zuen eta Parisko Euzko Deya kazetan argitaratu zituen olerkiak.
Poesia herrikoia eta laua idatzi zuen, olerki laburrez osatuta eta herriari nahiz maitasunari eskainita.