Efemeridea • 2023ko martxoaren 27a
Lehen Aberri Eguna: 1932ko martxoak 27.
91 urte bete dira gaur, Bilbon, 1932ko martxoaren 27an, Pizkunde Igandean, lehenengo Aberri Eguna ospatu zenetik.
Lehen Aberri Egun hura EAJ-PNV alderdiaren ekimenez antolatu zen, euskal abertzaletasunaren urrezko ezteiak ospatzeko eta, bide batez, euskal gizarteak ordurako zion babesa erakusteko.
Egun horretan antolatutako ekitaldien artean, nabarmentzekoa da Sabin Etxearen inaugurazioa, hots, alderdiaren egoitza ofizialarena. «Antolaketa eredugarria izan zen. Seriotasunaren erakusgarri. Jende-oldeen diziplinaren eta antolatzaileen asmo gorenaren adierazle miresgarria izan zela» argitaratu zuen hurrengo egunean La Gaceta del Norte egunkariak.
Miren Barandiaran Contrerasek, 2010eko apirilaren 2an, DEIA egunkarian argitaratutako Aberri Egunari buruzko artikulua erantsi diogu urteurrenari.