Efemeridea • 2024ko irailaren 6a
Eusko Ikaskuntzaren eta Euskaltzaindiaren lehen biltzarra eta sorrera
1918ko irailaren 1etik 8ra, Eusko Ikaskuntzaren lehen kongresua egin zen Oñatiko Unibertsitatean.
Lehen aldiz, askotariko ideologia eta sinesmenetako intelektualen talde handi bat elkartu zen euskal gizarteari eta kulturari buruzko esperientziak, gogoetak eta ikerketak trukatzeko, “ikaskuntzarekiko eta herriarekiko” maitasun erkidearen zioz bat eginik. Zazpi jakintza-arlo jorratu ziren: Antropologia, Hizkuntza, Historia, Artea, Irakaskuntza, Politika eta Gizarte Zientziak eta Euskal Ikasketak. Zati akademikoaz gain, antzerki-emanaldiak, erlijio-ospakizunak, kontzertuak, dantza-saioak, jaiak eta abar egin ziren.
Lehen Biltzar horren emaitzaz Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako foru aldundiek Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia sortu zituzten. Biltzarrak Resurreccion Maria Azkue, Arturo Campion, Luis Eleizalde eta Julio Urkixo izendatu zituen euskaltzain oso, eta horiek Akademiaren lehen bilkura egin zuten 1919ko irailaren 11n, Gipuzkoako Foru Aldundian. Sorreratik bertatik, Euskaltzaindiaren kezketako bat izan da literaturako hizkuntza batua ontzea. Hori egiaztatzeko, nahikoa da Akademiaren Euskera aldizkariaren zeinahi zenbaki irakurtzea.
Andres Urrutia euskaltzainburuak, 2018ko urtarrilaren 27an, DEIA egunkariaren ‘Historias vascas’ sailean argitaratutako erreportajea, Euskaltzaindiaren sorrerari buruzkoa, erantsi diogu artikuluari.
Argazkia: Eusko Ikaskuntzaren lehen biltzarreko parte-hartzaileak.