Efemeridea • 2023ko abenduaren 18a
Tranbia Bilbora itzuli zenekoa
2002ko abenduaren 18an, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak inauguratu zuen Bilboko tranbia berria.
Bilboko hiria izan zen, 1896an, tranbia elektrikoen zerbitzua izan zuen lehen euskal hiria, baita Estatuko lehen hiria ere, Bilbo-Santurtzi linea eskainita. Alabaina, zerbitzu hori 1882an hasi zen, animaliek tiratuta. 1920an, tranbia elektrikoen sareak hamabi linea zituen, 109 kilometro eginda. 1964an, berriz, trolebusek (aireko kableen katenaria bati bi adarrez lotutako autobus elektrikoak) ordeztu zituzten azken tranbia elektrikoak.
Tranbia berriaren obrak 1999ko maiatzaren 27an hasi ziren, eta 2002ko abenduaren 18an inauguratu zuen Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak. Atxuri eta Uribitarte arteko hasierako linea Guggenheim museoaren geltokiraino luzatu zen, eta, ondoren, San Mameseraino; 2004an, trazadura Basurturaino iritsi zen. 2012an, beste zati bat zabaldu zen Autonomia kaleraino eta Etxatxu plazaraino, eta 2022an, Atxuritik Boluetarainokoa hasi zen abian.