Efemeridea • 2020ko maiatzaren 28a
Elbira Zipitria, euskal pedagogiaren aurrendaria
XX. mende hasierako Ikastolen mugimenduaren bultzatzaile nagusietako bat izan zen.
1906ko maiatzaren 28an, Elbira Zipitria , euskal kulturaren aldeko lanaren ordezkari esanguratsuenetako bat, bereziki, XX. mende hasierako ikastolen mugimenduaren bultzatzaile nagusietakoa, jaio zen Zumaian.
Aita hargina zen eta baliabide ekonomiko gutxi zituen familiak. Hala ere, beka bati esker, irakasle-ikasketak egin zituen Donostian. Eta handik lasterrera, Miguel Muñoa Pagadizabalek sortutako Koruko Andre Mariaren ikastetxean lan egin zuen.
Bigarren Errepublikan, lehenengo ikastola sortu zuen Gipuzkoako hiriburuan. Une horretatik aurrera, bere lan-ibilbideak bi ardatz nagusi izan zituen: euskara eta berrikuntza pedagogikoa. Euskararen irakaskuntzari dagokionez, “Nor-nori-nork” sistema erabiltzen hasi zen.
Zipitriak batera garatu zituen irakasle-lana eta militantzia politiko eta kulturala. Emakume Abertzale Batza erakundeko kide izan zen eta, 1934an, bertako idazkari izendatu zuten, Acción Popular Vasca (Euskaltzaleak) eta Eusko Ikaskuntza ere.
Francoren matxinadaren ondoren, Iparraldera ihes egin behar izan zuen, baina 1944an itzuli zen eta, klandestinitatean, ikastola ireki zuen berriro, lehenengo urtean ikasle bakarra izan zuela, baina ikasle-kopurua haziz joan zen hurrengo urteetan.
1968an, agintari frankistek Eskolatze-txartela ezarri zuten, baina ikastolek ezin zuten halakorik jaulki. Hortaz, Orixe Ikastola sortzeko erabakia hartu zen orduan, eta Elbira buru eta bihotz aritu zen bertan. Hernaniko Urumea ikastola sortzen ere lagundu zuen. Haurrei ez ezik, helduei ere ematen zien eskola, eta azkenentzat gau-eskola ireki zuen, batez ere, euskal gurasoak alfabetatzeko.
Elbira Zipitriak Orixe ikastolan jardun zuen lanean 1971n erretiroa hartu zuen arte eta Donostian hil zen 1982ko abenduaren 26an.
Informazio gehiago hemen:
- Hermes Aldizkaria 44 zbk. (Zenbaki monografikoa): "Emakumeak"