Efemeridea • 2024ko urtarrilaren 25a
Elias Gallastegi Uriarte «gudari», abertzale berdingabea
Gaurko lako egun batean hil zen, 1974ko urtarrilaren 25ean, Donibane Lohizunen.
Gallastegi Bilbon jaio zen, 1892ko uztailaren 20an. Merkataritza-irakasletza ikasi zuen eta kontulari lan egin zuen. Bilboko Euzko Gaztedin hasi zuen jarduera politikoa. Erakunde horrek Comunión Nacionalista Vasca alderdiaren ildo ofizial moderatuaren aurka egin zuenean, bereziki, “Aberri” egunkariko orrialdeetatik, Gallastegi euskal abertzaletasunaren doktrina-ortodoxiaren defendatzaile sutsuenetako bat izan zen.
1921ean, moderatuen eta erradikalen arteko tirabirek euskal abertzaletasunaren barruko lehen zatiketa handia ekarri zuten. Bereizitakoen artean, Gallastegi izan zen Eusko Alderdi Jeltzalearen birsorreraren lider eta sustatzaile nagusietakoa. Kanpoko babesak bilatu zituela, Galiziako eta Kataluniako nazionalistekin egindako “Aliantza hirukoitzaren” bultzatzaile sutsua izan zen, baina ekimenak ez zuen aurrera egin Primo de Riveraren diktadura ezarri zenean. Ingurumari horretan, Gallastegirentzat hamabi urteko espetxe-zigorra eskatzen zuen gerra-kontseilu baten mehatxupean, 1925ean, Elias Gallastegi Iparraldera joan zen, eta geroago, 1926an, Mexikora erbesteratu zen. “Patria Vasca” aldizkaria argitaratu zuen handik.
1931n, Euskadira itzuli zenean, eszeptiko agertu zen estatutuaren inguruko aukeraren aurrean, eta jarrera kritikoa izan zuen EAJ bateratuaren ildo ofiziala zela eta. Horiek horrela, haien aurka azaldu zen “Jagi-Jagi” aldizkariaren orrialdeetatik. 1934an, alderdia utzi zuen. Gerra Zibila hasterakoan, Gallastegik gatazka horretan esku ez hartzeko ideia aldeztu zuen sutsuki, euskal interesetatik kanpokoa zela iritzita. Hala ere, ez zuen Euzko Gudarostea erruz osatu zuten mendigoizaleen oinarrien babesik jaso. 1937an, Irlandara erbesteratu zen lehenik, eta Iparraldera gero. Han hil zen 1974ko urtarrilaren 25ean.
Luis de Gezalak 2014ko urtarrilaren 25ean DEIA egunkariaren Historias vascas sailean argitaratutako erreportajea erantsi diogu artikuluari.