Efemeridea 2023ko ekainaren 2a

Emakume Abertzale Batza, ekintza politikoari lotutako emakumeak.Emakume Abertzale Batza, ekintza politikoari lotutako emakumeak.

XX. mendearen hasieran, emakumeak apurka-apurka agertu ziren gizarte-esparru abertzalean; hala, 1922an, Emakume Abertzale Batza (EAB) sortu zen. Elkarte horrek euskal abertzaletasunaren zabalkundea sustatzea zuen helburu, bai eta gizarte-jarduerak sustatzea ere Euskadin, orain dela 101 urte.

Gasteizko EABko lehen taldea, 1923ko ekainaren 2an, Pradoko parkean. (Argazkia: Mª Jesús eta Rosa Mª Vinós). Gasteizko EABko lehen taldea, 1923ko ekainaren 2an, Pradoko parkean. (Argazkia: Mª Jesús eta Rosa Mª Vinós).

Irlandan lehendik zegoen antzeko ekimen batean oinarritu zen elkartea, hain zuen ere, Cumann na mBan antolakundean. EABk, neurri handi batean, hezkuntza, ongintza eta militante zein presoentzako sorospen-lanei ekin zien, baina, antolakundearen hastapenetan, Errepublikako agintariek emakume haietako batzuk kartzelaratu zituzten beraien konpromiso politikoagatik.

EAB Bizkaian eta Gipuzkoan hedatu zen gehien, baina Araban eta Nafarroan ere aski zabaldu zen.

EABren lehen aldia laburra izan zen. Primo de Riveraren diktadura ezartzeaz batera desagertu zen (1923ko irailaren 23an). Bigarren Errepublika iritsi zenean, elkarte abertzale gisa agertu zen berriro, 1931ko ekainean, eta une horretatik aurrera, gero eta garrantzi handiagoa hartu zuen. Antolakundeko hainbat emakumek, hala nola Polixene Trabuduak, Haydée Agirrek edo Sorne Unzuetak izugarri zabaldu zuten euskal abertzaletasuna.

Nolanahi ere, beste arlo batzuetan ere aritzen ziren batzako kideak: euskara-eskolak, takigrafia- eta mekanografia-eskolak antolatzen, emakumeen eta umeen hezkuntza bultzatzen, behartsuei laguntza ematen, iruleen taldea antolatzen…

Gerra Zibilak iraun artean eta gerra ostean, emakume abertzaleek egundoko urgazpen-jarduera antolatu zuten atzeguardian, presoei laguntzeko helburuz (emakume batzuek kartzeletatik bertatik) eta Eusko Jaurlaritzaren informazio-sareetako kide izan ziren.

Matxinatutako tropek Euskadi osoaren kontrola hartu zutenean, emakume askok erbestera joan behar izan zuten euren jarduera politikoaren zioz. Beste kasu askotan, zigorrak pairatu behar izan zituzten, besteak beste, kartzela-zigorra, baina elkarteak erbestean ere jarraitu zuen lanean.

Irudian, Gasteizko EABko lehen taldea, 1923ko ekainaren 2an, Pradoko parkean. (Argazkia: Mª Jesús eta Rosa Mª Vinós).

Artikulu honi erantsi diogu, baita ere, Leyre Arrietak, DEIA egunkariaren Historias vascas sailean, 2010/05/15an, argitaratutako erreportajea.

https://www.sabinoarana.eus/storage/report/es/secundarias-de-lujo.pdf