Efemeridea 2020ko azaroaren 27a

Emakume aitzindaria euskal politikan eta literaturan

Gaurkoa lako egun batean, 1900eko azaroaren 27an, Sorne Unzueta “Utarsus” jaio zen Abandon.

Emakume aitzindaria euskal politikan eta literaturan

Sornek Bilboko Atxuriko eskolan ikasi zuen, eta oso kalifikazio onak lortu zituen. Nerabezaroan, maisu handia izan zuen, Ebaristo Bustintza “Kirikiño” mañariarra.


Militante abertzalea eta Emakume Abertzale Batzaren (EAB) sortzaileetako bat. 30eko hamarkadan, propagandako jardueretan eta mitin ugaritan aritu zen Polixene Trabudua eta Haydee Agirrerekin batera. Prentsako kolaborazio ugari ere idatzi zituen, “Utarsus” ezizena erabiliz. Era berean, idazle emankorra izan zen.


Bere literatura lanak hiru esparrutan bana dituzakegu: hitzaldiak, poesia, ipuinak eta narrazioak. Besteak beste, “Artxanda”, “Itxartu”, “Eusko alabea”, “Laztandu nau, semia...!” eta “Otsoa eta txakurra” dira Unzuetaren lan aipagarrienak.


Eman zituen hitzaldiei dagokienez, euskal emakumeen lana eta eginbeharrak aldarrikatu zituen. Poesian, bere lan poetiko gehienak 1930 eta 1932 artean idatzi zituen. Garai hori oso oparoa izan zen euskal olerkigintzarentzat. Amatasuna, natura, urtaroak eta antzeko gaiak jorratu zituen ipuin eta narrazioetan, batez ere, alegien bidez; haietan, animaliak protagonista zituzten ipuinetan, aberriari, euskarari eta herriari buruzko pentsamenduak islatu zituen.


1925ean, Gregorio Erraztirekin ezkondu zen eta 6 seme-alaba izan zituzten. Heziketa irakaslea izan zen eta Berangoko (Bizkaia) Santa Ana eskolan eman zituen eskolak. 1936an, gerra piztu zenean, Berangon zegoen, eta lau seme-alabarekin ihes egin zuen, “Goizeko Izarra” ontzian sartu eta Iparraldean babestu zen. Han Saint-Christauko eskola-aterpea antolatu zuen, eta eskolak eman zituen inolako soldatarik jaso gabe. Era berean, Juan Ajuriagerraren eskariari erantzunda, senarrarekin batera erresistentzia- eta informazio-lanetan parte hartu zuen, Euzkadiko Gobernuak sustatutako informazio “zerbitzuen” barruan.


Hainbat urtetan erbestean egon ondoren, 1953an, senarraren osasun ahulagatik itzultzea erabaki zuen, Gregoriok, azkenean, bere lurraldean atseden har zezan. 2005eko urtarrilean hil zen.