Efemeridea • 2020ko urriaren 9a
Engracio Aranzadi “Kizkitza” (1873-1937), “Euzkadi” egunkariaren lehen zuzendariaren gomutan
Gipuzkoako lehen euskal abertzaleetakoa izan zen eta, Sabino Arana hil ostean, ideologia horren bultzatzaile nagusietakoa.
Gaurkoa lako egun batean, 1904ko urriaren 9an, Engracio Aranzadi Etxeberria EAJ-PNV alderdiaren Gipuzkoako eskualdeko ordezkari izendatu zuten, Gipuzkoako hiriburuko “Euskal Etxean” egindako bilera batean. Une horretan, Gipuzkoako bost udalerrik baino ez zuten jeltzaleen hedapen nahikorik udal-ordezkaria izateko: Errenteria, Donostia, Deba, Bergara eta Arrasate. Aranzadik kargu horretan jardun zuen lehen Gipuzko Buru Batzarra eratu zen arte, hots, 1908ko apirilaren 20ra arte.
Engracio Aranzadik eragin handi-handia izan zuen euskal abertzaletasunaren baitan EAJ-PNV alderdiaren historiako lehen berrogei urteetan, bai ideologo gisa, bai Euzkadi egunkariaren zuzendari gisa.
1913an, egunkaria sortu zenean, haren zuzendari eta kudeatzaile jardun zuen. Bertan idatzitakoak irakurtzea egon zen 20 urtetik gorako aldian, “Kizkitza” ezizena edo “Aranzadi Etxeberria'tar Ingartzi” izena erabiliz sinatutakoak. Egunkariaren zuzendari izan zen 1927ra arte.
Aranzadik euskal abertzaletasunean izan duen itzala gorabehera, haren garrantziarekin bat datorren biografiaren eta lan eta artikulu garrantzitsuenen bildumaren hutsunea sumatzen dugu. Bilbon hil zen, 1937ko otsailaren 12an.