Efemeridea • 2022ko maiatzaren 3a
Erbestealdian amaitu zen ezkontza aurreko agurra
Gaurkoa lako egun batean, 1925eko maiatzaren 3an, Elias Gallastegik ezkondu aurreko agurra egin zuen, 500 bat abertzale bildu zituen ekitaldi politikoa egiteko aitzakia gisa.
1923ko irailean, Primo de Riveraren diktadura ezarri zenean, euskal abertzaletasunaren jarduera ezkutuan garatu zen. Testuinguru horretan, 1925eko maiatzaren 3an, Gallastegiren lagun batzuek eta EAJko beste kide batzuek ezkondu aurreko agurra egin nahi izan zuten, militante abertzaleen bilera bat antolatzeko aitzakiatzat hartuta.
Bilera Artxandako (Bilbo) Jauregizar jatetxean egin zen, eta Galiziako nahiz Kataluniako nazionalistak ere gonbidatu zituzten. Ekitaldian, Katalunia, Galizia, Irlanda, Paris eta Marokotik heldutako telegramak irakurri zituzten. Ekitaldian, besteak beste, ondokoek parte hartu zuten: Luis Aranak, EAJren izenean; Manu Egileorrek Aberri-ren izenean; eta Adolfo Larrañaga olerkariak.
Geroago, Elias Gallastegik hitza hartu zuen bertaratutakoek emandako zorion-agurrengatik eskerrak emateko, baina ezin izan zuen hitzaldia amaitu, une horretan, polizia aretoan sartu baitzen. Gallastegik Asuaraino ihes egitea lortu zuen, eta han, Donostiara eraman zuen auto bat zeukan zain. Donostiatik abiatuta muga zeharkatu zuen, eta Hendaian babestu zen egun batzuetan.
Elias Gallastegi ekainaren hasieran itzuli zen Bilbora, eta hil horren 13an ezkondu zen Begoñako basilikan. Une hartan, behin-behineko askatasun-erregimenean zegoen, hainbat kausarengatik noiz epaituko zuten zain. Egoera horretan, eta salaketak pilatzearen zioz ezarritako zigorren ondorioz, Fiskaltzak hamabi urteko kartzela-zigorra eskatu zuen harentzat. Orduan, Gallastegik muga zeharkatu zuen berriro familiarekin, eta 1927ko urtarrilean, Mexikora joan zen erbestealdira, lan-eskaintza bat onartuta. Lau urte eman zituen Mexikon.
Luis de Guezalak, 2014ko urtarrilaren 25ean, DEIA egunkariaren Historias vascas sailean, argitaratutako erreportajea erantsi diogu artikuluari.