Efemeridea 2020ko azaroaren 10a

Erbestean hil zen abangoardiako euskal artista bat

Aurelio Arteta margolariaren heriotzaren 80. urteurrena bete da gaur.

Erbestean hil zen abangoardiako euskal artista bat

Gaurkoa lako egun batean, 1940ko azaroaren 10ean, Aurelio Bibiano Arteta Errasti euskal margolaria hil zen Mexikon. Arteta 1879ko abenduaren 2an jaio zen, Bilboko Askao kalean, eta Eusebio Arteta Labrador eta Petra Errasti Zabalaren semea izan zen. 14 urte zituela, Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan sartu zen, eta urtebete eman zuen bertan.


1898an, Madrilera iritsi zen, San Fernandoko Arte Ederretako Goi Eskolan ikastera. 1898tik 1901era arte, “brotxa lodiko” margotze-lanetan ibili zen, grabatuak atontzen, litografiak egiten, egunkari eta moda eta zapata aldizkarietan marrazkiak egiten… Aldi berean, Arte Ederretako Eskolan ikasteko matrikulatu zen.


1902an, Arteta Bilbora itzuli zen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren lehiaketa batean parte hartu zuen. Lehiaketa horrek atzerrian ikasteko aukera eman zion. Proba lan bat egitean zetzan, honako gai hau jorratuta: lan-istripu bat irudikatzea. Finalisten kalitatea ikusita, beka bikoiztu egin behar izan zuen epaimahaiak. Horrela, Arteta eta Angel Lerroque Parisera joan ziren 1902ko azaroaren 15ean . Frantziako hiriburura iritsi ostean, gaixotu egin ziren hotz handiaren eraginez. Ezbehar horrek eragotzi zien Bizkaiko Foru Aldundiko bekadun-lanak atzerrian behar bezala egitea.


Arteta ilustrazioaren eta diseinu grafikoaren arloan ere nabarmendu zen. “Hermes” aldizkariaren azala diseinatu zuen (1917). Hogeiko hamarkadan, bere bizitzako enkargurik garrantzitsuenetako bat jaso zuen. Madrilgo Banco de Bilbaoren eraikinaren atariko hormatzarra apaindu behar izan zuen. “Los Naufragos” edo “Victimas de un torpedeamiento” izenekoa bere lan adierazgarrienetako bat izan zen, horren lau bertsio egin baitzituen (1917, 1920,1930 eta 1932). 1920ko bertsioa Londresko Royal Academy-n erakutsi zen, eta 1932ko bertsioak urrezko domina irabazi zuen 1932ko Arte Ederretako erakusketan. 1929ko apirilaren 19an, berriz ezkondu zen bere modeloarekin, Amalia Barredo Ezquerra andrearekin. Amaliak seme bat zeukan aurreko beste harreman baten ondorioz, eta, gero beste bat izan zuten elkarrekin.


Errepublika etortzeaz batera, Estatuaren menpe zeuden arte erakundeak berritzen saiatu zen. Urte batzuk geroago, 1936ko uztailaren 18ko altxamendu militarra hasi zenean, Madrilen zegoen. Ezker errepublikarrarekin bat egiten zuen, baina alde batera egoten saiatzen zen. Madrildik Valentziara eraman zuten. Bertan, Eusko Jaurlaritzaren aldeko kartel bat diseinatu zuen, “Valencia en homenaje a Euzkadi” izenekoa. Gerraren gaiari buruzko marrazkiak eta ilustrazioak ere egin zituen.


Bidaia laburra egin zuen Parisa eta gero Biarritzen geratu zen bizitzen. 1939an, Arteta eta familiakoak Mexikora joan ziren, eta han lan ugari egin behar izan zituen bere bizitza artistikoa berregin arte, Indalecio Prieto lagunari esker.


1940ko azaroaren 10ean, istripua izan zuen tranbia batean, Coyoacanera zihoazela, aurreko egunean Julian Zugazagoitia lagunaren galerari aurre egiteko.


Albisteari erantsita, Javier González de Duranak, 2016-11-12an, DEIAn, argitaratutako margolariari buruz egindako erreportajea aurkituko duzu