Efemeridea • 2024ko urtarrilaren 22a
Estanislao Jaime Labairu, abadea eta Bizkaiko historialaria
Orain dela 120 urte, 1904ko urtarrilaren 22an, hain zuzen ere, Bilbon zendu zen Estanislao Jaime Labairu Goikoetxea.
Filipinetan jaio zen, Batangas hirian, 1845eko maiatzaren 7an, baina urtebete zuela, amarekin etorri zen Bilbora bizitzera. 1872an apaiztu zen eta «La voz de Vizcaya» eta «El Basco» egunkarien sortzailea izan zen.
Historialari gisa egindako lan bikainagatik, 1895eko maiatzaren 27an, Bizkaiko Jaurerriko ohorezko kronikari izendatu zuten. Labairuren lanik garrantzitsuena «Historia General del Señorío de Bizcaya» izan zen, ordura arte idatzitako lurralde honetako historiarik onena eta osatuena. Horren ondorioz, 1899ko apirilaren 5ean, hiriko semearen golardoa eman zion Bilboko Udalak, eta gaur egun, gainera, kale bat dago haren omenez Bizkaiko hiriburuan.