Efemeridea 2022ko otsailaren 24a

Estitxu, Beskoitzeko urretxindorra, euskararekiko eta Euzkadirekiko konpromiso sendoa

Beskoitzen jaio zen, 1944an, eta gaurko lako egun batean hil zen, 1993ko otsailaren 24an, Bilbon. 1936ko gerraren ondoren, Iparraldean erbesteratu zen Manuel Robles-Arangiz euskal sindikalista eta politikari abertzale historikoaren alaba izan zen.

Estitxu, Beskoitzeko urretxindorra, euskararekiko eta Euzkadirekiko konpromiso sendoa

Estibaliz Robles-Arangiz Bernaola “Estitxu” Manuel eta Luisaren 11 seme-alabetan gazteena, Lapurdiko Beskoitze herrian sortu zen, Baionatik hurbil, gurasoak Bizkaitik ihes egin behar izan baitzuten Gerra Zibilean  Manuel Robles-Arangiz EAJko diputatu eta ELA sindikatuaren sortzaileetakoa zuen aita.


Familia-giroan izan lehen harremana musikarekin. Oso txikia zela, neben eta ahizpen entseguak entzun eta ikuskizunak ikusten zituen, Soroak eta Ainarak laukoteak osatzen zituztela, hurrenez hurren.


1967an hasi zuen musika-ibilbidea eta 1968an “Musica Joven” lehiaketaren lehen saria irabazi zuen Bilboko Sei Izarretan. Horren ostean, beste sari batzuk etorri ziren eta handik lasterrera emanaldiak eskaintzen hasi zen Euskadin, Mexikon eta Venezuelan, betiere bere gitarra banaezinaz lagundurik. Estatu Batuetan, Frantzian eta abarretan eman zituen kontzertuak, eta askotan “Hit parade” delako horretako lehen postuetan izan zen. Euskal Herriko Joan Baez deitu zioten, baita Beskoitzeko urretxindorra ere.


Hoskera berezia zuela, Estitxu euskal musikaren berpizkundearen eragile nagusietako bat izan zen hirurogeiko hamarkadaren amaieran, Lourdes Iriondo eta Maite Idirinekin batera.


Gaixotasun larri baten ondorioz, hainbat urtez agertokietatik urrun egon ondoren, 1993ko otsailaren 5ean, Estitxuk errezitaldia eskaini zuen Irungo Amaia antzokian. Hogei egun geroago, Bilbon hil zen, Basurtuko ospitalean.


Karmelo Vivancok DEIA egunkariaren Historias vascas sailean, 2018-11-24an, argitaratutako “La historia del documental sobre Estitxu” erreportajea erantsi diogu artikuluari.


Estitxuren "Agur Maria" entzuteko: https://www.youtube.com/watch?v=Fh3SYd1zITg