Efemeridea 2021ko otsailaren 8a

Europako Mugimenduaren Kontseilu Federalaren sorrera

1949ko otsailaren 7an eta 8an Europako Mugimenduaren Kontseilu Federala sortu zen Eusko Jaurlaritzak Parisen zuen ordezkaritzan.

Europako Mugimenduaren Kontseilu Federalaren sorrera

Kontseilu horren sorrera Bigarren Mundu Gerraren ostean hasitako prozesu baten emaitza izan zen. Erresistentziaren mugimenduak bat etorri ziren nazioarteko lankidetza, Europazaletasuna eta federalismoa lako balioen defentsan, munduko gerra bi pairatu ostean, bihotzez eta egitez suntsituta zegoen Europa berreraikitzeko.


Espainiako estatuan erregimen demokratikoa ezartzea eta Europa berriak herri eta nazionalitate txikiei errespetua izatea eskatu zuten euskaldunek.


Hala, Europako Kongresua izenekoan (Haga, 1948) hainbat euskal pertsona ezagunek parte hartu zuten, besteak beste, Jose Antonio Agirrek (erbesteko Eusko Jaurlaritzako lehendakaria), Indalecio Prietok (PSOE) eta Francisco Javier Landaburuk (EAJ). Behatzaile gisa joan ziren, baina diplomazialari gisa parte hartu eta biltzarrean lagundu ondoren, eskubide osoko ordezkarien kategoria eman zieten eta, ondorioz, 1948ko urriaren 25ean, Bruselan eratu zen Europako Mugimenduaren sortzaile bilakatu ziren.


Hilabete batzuk geroago, 1949ko otsailaren 7tik 8ra, Europako Mugimenduaren Kontseilu Federala sortu zen Eusko Jaurlaritzak Parisen zuen ordezkaritzan, eta 1951ko otsailaren 1ean, Europako Federazioaren Euskal Kontseilua, hori ere Parisko euskal ordezkaritzan.


1950eko hamarkadan, erbestetik gogatutako hainbat talde Europazale sortu ziren Espainiako estatuan, eta euskaldunek lagundu egin zuten horiek eratzen.


1973tik 1976ra, Manuel Irujok hartu zuen Kontseilu Federalaren lehendakaritza; Paristik Madrilera joan zen eta han hasi zen agerraldi publikoak egiten.


Laurogeita hamarreko hamarkadan, Euskal Kontseilua bultzatu zen berriro, 1994ko apirilaren 18an Eusko Legebiltzarrean, Gasteizen, egindako ekitaldi baten bidez. Besteak beste, helburu hauek ezarri zituen kontseiluak: Euskadik beste herri eta eskualde batzuekin dituen harremanak indartzea, Europa batuaren beharra gizartean zabaltzea eta Europar Batasunaren eraikuntzaren dinamizazio sozial eta politikoari eustea.
1997ko urrian, Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluak Eurobask izena hartu zuen.


José Mª González Zorrillak DEIA egunkariaren “Historias de los vascos” sailean, 2014ko apirilaren 26an, idatzitako erreportajea erantsita doa.