Efemeridea 2021ko ekainaren 10a

Euskadi “Financial Times” egunkariaren begietan

Financial Times Londresko egunkari ospetsuak Euskadiri buruzko txosten zabala argitaratu zuen 1982ko ekainaren 10ean.

Euskadi “Financial Times” egunkariaren begietan

Robert Grahamek, egunkariaren Madrilgo berriemaileak, eta David Gardner ekonomiako adituak honela aurkeztu zioten Euskadi mundu osoari: etorkizun energetikoarekin, enpleguaren eta euskararen berreskurapenarekin konprometituriko lurraldea, euskal autonomiaren eta bakean oinarritutako etorkizunaren aldekoa.


Euskadiren identitate nazionalari buruzko artikulu batek hasi zuen lana, eta bertan, Euskadiren eta Espainiako estatuko gainerako lurraldeen arteko desberdintasunetako batzuk nabarmendu ziren: hizkuntza zeharo desberdina, historian barrena hesiarena egin zuten mendiak ,aldi berean, “euskaldunen begirada itsasorantz eta Europako iparralderantz bideratu zutenak”. Honela idatzi zuen artikulugileak: “Ez zen halabeharrezkoa izan Bilbao bankua, penintsulan sortutako handienetako bat, Londresen eta Parisen ezartzea Madrilen baino lehenago. Kazetariaren esanetan, klimak eta geografiak herri langile eta harroa sortu dute, komunitate-sen handia eta jarauntsi kultural berariazkoa dituena”. Horren haritik, “Arrasateko mugimendu kooperatibistaren indarra” azpimarratu zuen.


Politikaren arloan, Londresko egunkariak hauxe ekarri zuen gogora: “tokiko gobernuaren antzinako era dauka, batzarrez osaturikoa, ohituraz, Gernikan biltzen direnak, Arbolaren azpian zina egiten dute eta Francok kendutako foruak edo legea darabilte” “Diktadoreak akabatu zituen Errepublikak egindako ahaleginak euskaldunei autonomia-estatutua emateko, ez baitzien azkenei inoiz barkatu errepublikazaleekin aliatu izana” zioen egunkariak.


“Euskadik erreferendumean onartutako autonomia estatutua du gaur egun, Errepublikak euskaldunei aitortu zien autonomia baino askoz ere harago doana. Egungo politikariak era demokratikoan hautatu dira udal, autonomia-erkidego eta estatu mailan. EAJ alderdia gauzak ondo dabiltzalako froga argiak ematen ari da”, kaleratu zuen egunkariak.


Erreportajeak honako hauek ere jorratu zituen: Eusko Jaurlaritzaren energia-politika, garai hartako altzairuaren eta ontziolen industriaren arazoak, finantza-sistemaren indarra, berton bi banku zeudela zazpi handienen artean (Bilbao eta Bizkaia bankuak), eta Hezkuntza eta Kultura Sailak “Francok desagerrarazi nahi izan zuen euskara eta kultura-ondarea berreskuratzeko” xedez egindako apustua.


Oharra: Financial Times egunkariak, batez beste, 2.2 milioi irakurle ditu egunero mundu zabalean, PricewaterhouseCoopers etxeak ikuskatutako datuen arabera.