Efemeridea • 2022ko otsailaren 25a
Euskal abertzaleen baterakuntza
Gaurkoa lako egun batean, 1930eko otsailaren 25ean, EAJ-PNV eta CNV berriro elkartzeko negoziazioak hasi ziren.
Primo de Riveraren diktadurak ekarritako 7 urteko etenaldiaren ostean, EAJren (Aberrizalea) eta CNVren oinarriek bi erakundeak alderdi bakarrera batzeko gogo bizia erakutsi zuten.
Helburu hori lortzeko negoziazioak hasi ziren EAJko alderdikide batzuek CNVra “bateratze-oinarriak” bidali zituztenean, 1930eko otsailaren 25ean. Behin betiko bateratzea, azkenean, bederatzi hilabete geroago ebatzi zen, Bergaran, 1930eko azaroaren 16an egindako batzarrean.
Adostasun-alor ugari izan zituzten, baina garrantzitsuenak bi izan ziren. Alde batetik, doktrina berari helduko zioten, Sabino Aranarenari, hain zuzen, eta, bestetik, lelo berari: «Jaungoikua eta Lagi-Zarra (JEL )».