Efemeridea • 2020ko maiatzaren 1a
Euskal abertzaleen lehen gehiengoa Bizkaiko Foru Aldundian izan zen, 1917an
Kulturaren arloan ez ezik, esparru ekonomikoan ere ekarpen garrantzitsuak egin zituzten sasoi hartako agintariok, baita politikan ere, Euskadiren autonomia aldarrikatu zutela.
Abertzaleen hautagaitzak 1917ko martxoaren 11ko hauteskunde probintzialetan lortutako garaipenari esker, Ramon de la Sota Aburtok Bizkaiko Foru Aldundiko lehendakaritza eskuratu zuen aurreneko aldiz. Hala ere, maiatzaren hasierara arte ez zen eratu historiako lehen gobernu abertzalea euskal lurralde-erakunde batean.
Erakunde horren gobernutik, Ramon de la Sotak berrikuntza ugari bultzatu eta euskal hizkuntza zein kultura sustatzeko lan aipagarria egin zuen. Euskara sustatu eta biziberritu zen, hezkuntzaren arloan ez ezik, administrazioen arteko harremanetan ere bai, Bizkaiko Foru Aldundia lan-hizkuntza gisa erabiltzen hasi baitzen Bizkaiko udalekiko hartu-emanetan. Era berean, 1917tik 1919ra, Eusko Ikaskuntzaren, Euskaltzaindiaren eta Euskal Kultura Batzaren sorrera bultzatu zuen. Garai hartako kultura-giroaren barruan, Hermes aldizkariaren argitaratzea eta hedapena ere nabarmendu behar dugu.
Baina kulturaren arloan ez ezik, esparru ekonomikoan ere ekarpen garrantzitsuak egin zituzten sasoi hartako agintariok, hala nola nekazaritzan eta arrantzan, baita politikan ere, Euskadiren autonomia aldarrikatu zutela.
Ramón la de Sota buru zuen taldearen arrakasta izan zen euskal abertzaletasunari euskal erakundeak apurka-apurka gobernatzeko bidea eman zion lehen mugarria; gainera, esan beharra dago hautagaitza hark aintzat hartzeko moduko ordezkaritza erdietsi zuela beste estamentu batzuetan, besteak beste, Espainiako Kongresuan edo Senatuan.
Era berean, azpimarratu behar da bi urtean (1917-1919) baino ez zirela egon Bizkaiko Diputazioaren gobernua kudeatzen, ‘Piña’ deituriko taldeak (jauntxo erregezale kontserbadoreena) iruzur egin eta ordezkaritza pixkanaka kendu zielako; hau da, euskal abertzaleak era demokratikoan iritsi ziren gobernura, baina “hauteskunde-marroz” kaleratu zituzten.
Hala eta guztiz ere, gaur egun, 103 urte geroago, garai hartako proposamen asko mende betean iraun duten ekarpen biribilak ditugu.
2017ko ekainaren 7an, gertakari honen mendeurrena zela eta, Andoni Ortuzar EAJ-PNV alderdiaren EBBko presidenteak gogoratu zuenez, “de la Sotaren agintaldiak aurrekaria ezarri zuen lurraldearen bizitzan eta horren erakundetzean. Orduan sortu zen, esaterako, Euskaltzaindia, Bizkaiko auzo-eskolak abian jarri ziren eta euskara hizkuntza ofizial gisa erabiltzen hasi zen. 1917ko kimu hartatik adar sendoak atera ziren, zoritxarrak zoritxar eta berrogei urteko diktaduraren ostean ere iraun dutenak, hazi egin direnak eta, oraindik ere, Herri honi hosto eta fruitu ugari eman behar dizkiotenak”.
Informazio gehiago hemen:
Andoni Ortuzaren hitzaldiaren bideoa: “EAJ-PNV: euskal aberriaren sustrai eta kimu”
- "Cuando las diputaciones hablaban euskera", DEIAn 2016/05/28/
- "Bizkaia, la primera Diputación nacionalista vasca", DEIAn 2017/03/11