Efemeridea 2020ko ekainaren 18a

Euskal abertzaletasunaren nazioartekotzea

1916ko ekainean, Euzko Alderdi Jeltzaleak Naziotasunen Hirugarren Konferentzian parte hartu zuen Lausanan. Horko horretan, euskal abertzaletasunak lehenengoz parte hartu zuen nazioarteko topaketa batean beste naziotasun edo herritartasunekin batera.

Euskal abertzaletasunaren nazioartekotzea

1916ko ekainean, Lehen Mundu Gerraren baitan, ia muga guztiak itxita zeudela, Naziotasunen Hirugarren Konferentzia egin zen Suitzako Lausanan, hain zuzen ere, gerra handitik at zeuden herrialdeetakoa izanik, erbesteratu askoren babesleku zelako. Naziotasunen Batasuna izeneko nazioarteko erakundea Europako, Asiako eta Afrikako erakundeek osatuta zegoen eta guztiek nazio-aitortza aldarrikatzen zuten euren herrientzat. 1912 eta 1919 urteen artean jardun zuen.


Ekitaldi horri esker, euskal abertzaletasunak lehenengoz parte hartu zuen nazioarteko topaketa batean eta euskaldunek nazioarteko erakunde eta antolakundeetan gerora izan zuten aurrekaria izan zen.


Gerrak sorrarazitako zailtasunak zailtasun eta aduanetako kontrol zorrotzak gorabehera (dokumentuak ere ezin ziren garraiatu leku batetik bestera) Euzko Alderdi Jeltzaleak garai horretako bizitza politikoari lotutako hiru gizon esanguratsu bidali zituen konferentziara: Joseba Eizagirre eta Isaac López Mendizabal tolosarrak eta Luis Eleizalde bergararra. Lausanara heldu ziren lehen gauean bertan, López Mendizabalek, Eizagirrek eta Eleizaldek, hotelaren alboan aurkitu zuten inprenta batekin ados jarrita, konferentzian parte hartu zuten kideen aurrean aurkeztu zuten “rapport” edo txostena idatzi eta inprimatu zuten.


Euskal Herria funtsatzen zuten arrazoi historikoak azaltzeaz gain, jeltzaleek Naziotasunen Eskubideen Adierazpenean ere parte hartzeko aukera izan zuten.


Kataluniako ordezkaritza batek ere parte hartu zuten konferentzian eta, euskal ordezkariek egin bezala, katalanen kulturari, nortasunaren eta nazio-helburuei buruzko txostenak, idazkiak eta adierazpenak aurkeztu zituen.


“Euskalerriaren Alde” aldizkariak bidaiaren berri eman zuen, eta euskaldunek aurkeztutako txostena nabarmendu zuen.


Rapport de la Délégation Basque (Euskal ordezkaritzaren txostena)


Aurkeztutako txostenak 11 orrialde eta 3 atal dauzka. Lehenengoan, Euskal Herriaren historia jorratzen da, euskaldunen berariazkotasuna azpimarratuta. Bigarren atalean, “EI nacionalismo basko y el Gobierno Español” (Euskal abertzaletasuna eta Espainiako gobernua) izenekoan, Espainiako gobernuak euskal herritarrei egindako jazarpena aipatzen da. Hirugarren atala bitan banatuta dago; horietako batean, hainbat aldarrikapen agertzen dira, besteak beste, euskal herritartasunarena; bestean, ordezkariek euskal herritartasunaren euskarri erabili zituzten arrazoiak, argudiaketa politikoak eta zio historikoak aletzen dira.


Txostenaren amaieran, hauxe adierazten da: “konferentzia honetara etortzeko inguruabar zailak direla eta, ezin izan ditugu ekarri geuk nahiko genituzkeen dokumentuak”.


Euskal ordezkariek konferentzian izandako parte-hartzeari esker, ‘euskal auzia’ ezagutzera eman zen herrien memoriari lotutako nazioarteko esparruetan. Alabaina, Espainiako ordezkariak biziki haserretu ziren, konferentzian izan ziren agente espainiarrek Gobernazio Ministeriora bidalitako txostenen edukietan ondorioztatzen denez.


Argazkia: Mapa honetan, Europako naziotasun etnolingusitikoak ikus daitezke, 1918an.