Efemeridea • 2020ko abenduaren 2a
Euskal abertzaletasunari lotutako ideiak direla eta, nobleziako tituluei uko egin zien gizona
Gaurkoa lako egun batean, 1878ko abenduaren 2an, Xabier Gortazar Manso de Velasco jaio zen Bilbon.
Gortazar Bizkaiko familia nabarmen bateko kide izan zen. Sabino Aranaren lehen jarraitzaileetako bat izan zen. EAJ alderdiko kide izateagatik, Espainiako Handitasuna zekarren Superunda konderriaren gaineko eskubidea laga zion anaiari.
1901ean, “Euzko Gaztedija” erakundea sortu zen eta bertan kidetu zen. Erakunde hori “La Patria” egunkaria zabaltzeaz eta eztabaida politikoa sustatzeko nahiz adoktrinatzeko bilerak antolatzeaz arduratu zen.
Urte batzuk geroago, 1912 eta 1916 urteen artean, Bilboko Euzko Gaztediaren lehendakaria izan zen eta 1916tik 1917ra EAJ-PNV alderdiaren Bizkai Buru Batzarreko kide.
Xabierri zor zaio prentsa abertzaleak XX. mendearen lehen herenean Euskadin izan zuen hedapen handia. “Euzkadi”, “La Tarde” eta “Excelsior” egunkariek osatzen zuten taldea lehenengoa izan zen Euskal Herrian. 1924ko martxoaren 31n sortu zen “Excelsior” kirol-egunkariari gagozkiola, nabarmendu behar da ospe handia izan zuela garai hartan, eta Espainiako estatuko kirol-egunkaririk onena ere izan zela.
Abertzale historiko horrek aukeratu zituen “Euzkadi” egunkariak goiburuan zituen letra gotikoak, gerora hain ezagunak egin zirenak, Eusko Jaurlaritzak eta euskal abertzaletasunak erabili zituztenean, bereziki, orduko Euzkadiko “E” letra.
Euskadiko Gobernua eratu zenean, gobernu haren bankuekiko harremana lantzeko eskatu zioten. Geroago, Baionan aterpetu behar izan zen, eta han, Euskadiko Gobernuaren ordezkaria izan zen. Ordezkaritza horretatik, milaka iheslariri arreta egiteaz gain, Gursen espetxeratutako buruzagi abertzaleak askatzen lagundu zuen. Urte batzuk geroago, “Sabindiar Batza” elkarteko buru hautatu zuten. 1959an, Hegoaldera itzuli zen eta 1977ko urtarrilaren 14an hil zen, Franco diktadorea zendu eta, gutxi-asko, urtebetera.