Efemeridea • 2021ko irailaren 8a
Euskal artistak: Nicolas Urien (1869-1909), munduko musika maisua
Gaurkoa lako egun batean, 1869ko irailaren 8an, Abadiñoko Gantzaga baserrian, garai horretako Europako hiriburu nagusietan arrakasta lortu zuen musikagile bizkaitarra jaio zen.
Musikarako zaletasun goiztiarrak eraginda, bi urtetan oinez egin zuen Abadiñotik Berrizerako bidea, egunero-egunero, solfeo-eskolak hartzeko. 16 urte zituela, Madrilera joan zen musika ikasten. Bertan, Julian Gayarre tenoreak kantua ikastera animatu zuen, baina, azkenean, Urienek pianoa eta konposizioa hobetsi zituen. Milanen jarraitu zuen ikasten eta, bertan, “Una notte nel Deserto” opera estreinatu zuen arrakasta handiz 1885ean. Ondoren, Torinon eta Madrilgo Buen Retiro antzokian antzeztu zen opera (1896).
Esandako operaz gain, Urienek beste lan batzuk ere konposatu zituen, hala nola “El alcalde de Zalamea”, “El Filtro” eta “La Atlántida”, azkena Jacinto Verdaguerren olerki batean oinarrituta. Era berean, musika sakratuarekiko interesa dela eta, zenbait meza eta Abemaria bat konposatu zituen. Oberturak, fantasiak eta kantatzeko melodiak ere idatzi zituen. Oso estimatua izan zen atzerrian eta Urien orkestra-zuzendari gisa aritu zen Europako hiriburu garrantzitsuetan, harik eta haren osasunaren egoera txarragatik, jaioterrira erretiratu zen arte, 40 urte bete baino lehen. Maisuaren azken konposizioetako bat Bilboko udal bandarako zortziko bat izan zen. Abadiñon hil zen, 1909ko maiatzaren 26an.
Euzkadi aldizkarian, Urieni buruz 1914an argitaratutako pasarte batean, ondokoa esaten zen: “Nicolas Urien, gorpuzkeraren ikuspegitik, euskaldun petoa zen: garaia zen eta gorpuzkera atletikoa zeukan. Gainera, haren izaera oso eta abenturazaleagatik, XVI. mendeko euzko haien duintasuna ere izan zuen, euren ekintza kementsuaren indarra noranahi eramanda, oratoria handirik gabekoa, baina emiatzetan eraginkorra”.
Nicolasi buruzko erreportajearen amaieran ondokoa ageri zen: “Gaztelaniaz ez zuen inoiz ondo hitz egin; italieraz eta euskaraz baino ez zekien behar bezala hitz egiten; ez da, baina, harritzekoa, haren bizitzaren zatirik handiena Euskadiko bere herritxoan eta Italian eman baitzuen”.
Argazkiak:
Nicolas Urien
"Una notte nel Deserto", Milanen arrakasta handiz estreinatu zuen lehen lan handia.