Efemeridea • 2020ko maiatzaren 11a
Euskal ekarria Europar Mugimenduari
XX. mendeko lehen hamarkadetatik, Euskadik Herrien Europan duen eginkizunaz hausnartu dute euskal agintari publikoek.
Gaurko lako egun batean, 1973ko maiatzaren 11n, Europar Mugimenduaren 25. urteurrena ospatu zen Londresen. Europako Kontseilua eta Europako Ekonomia Erkidegoa antolakunde horren baitan sortu dira. Merkatu Bateratuan sartu ondoren (1973ko urtarrilaren 1ean), Erresuma Batuan egindako europar esparruko lehen ekitaldia izan zen.
Gainera, bilkuretako batean, Manuel Irujo euskal agintari abertzalea aukeratu zuten Europar Mugimenduaren Espainiako Kontseilu Federaleko (CFEME) presidente.
Biltzar horretan, Mendebaldeko Europako 850 ordezkarik parte hartu zuten. Irujo CFEMEko presidente (1973-1976 aldian) hautatu zuten saioan, hauxe erabaki zen “estatu totalitarioetako ordezkari diplomatikoak ez gonbidatzea Europar Mugimenduaren ekitaldietan parte hartzera, inola ere ez eta ezelako aitzakia barik”, eta halakoen adibide gisa “frankistena” jarri zuten.
Irujok buru-belarri jardun zuen Europar Mugimenduaren aldeko lanean. Jose Manuel Bujanda irakasleak, duela gutxi, honela gogoratu du Irujo: “Europar izatea ageriko ezaugarri izan duen gizona, euskal abertzaletasun demokratiko, auzotar, moderno eta europazalearen aurrendaria”.
Euskal gizon-emakumeok hor egon gara hasiera-hasieratik. Irujo CFEMEren sorreran egon zen 1949ko otsailean, Parisko Avenue Marceau hiribideko 11. zenbakian, Eusko Jaurlaritzak artean erbestean zuen egoitzan. Era berean, gogora ekarri behar da Europako Federazioak Euskal Kontseilua −EuroBasque garaikidearen jatorri eta eremu europazalearen erakunderik garrantzitsuena− eratu zenean, Manuel Irujok parte hartu zuela Parisen 1951ko otsailaren 1ean eginiko bileran. Harrezkero, hil zen arte, erakundeko zuzendaritza batzordeko gogozko kidea izan zen.
Beste alde batetik, Bujandaren esanetan, “Irujok, ezin ukatuzko etorkizun-ikuspegiz, Europa federala irudikatu zuen, subiranotasunen bizikidetzan oinarrituriko egitura gisa, non egitura horren formulazio juridikoan, federazio kontinentalari nahiz Europa osatzen duten nazio guztiei dagozkienak bermatuta dauden”; era berean, hauxe adierazi zuen ildo horretan: “nazioa dugu gailentzen dena, estatua eraketa juridiko eta politiko hutsa baita”.
Irujo “Europaren lagun” izendatu zuten 1974an, eta 1978an, CFEME Espainiako estatura lekualdatu zenean, ohorezko presidente izendatu zuten, bere ibilbide historikoagatik.
UPV/EHUko Nazioarteko Harremanetarako irakasle Alexander Ugaldek, EuroBasqueren 70. urteurrenaren kariaz, Deia egunkarian idatzitako erreportajea erantsi dugu.
Informazio gehiago hemen: