Efemeridea 2021ko ekainaren 1a

Euskaldunak Gurseko kontzentrazio esparruan

1940ko maiatzaren 18tik ekainaren 1era, 570 euskal herritar bidali zituzten Gurseko (Bearn) kontzentrazio-esparrura, Frantziako polizia eta jendarmeek atxilotu ondoren.

Euskaldunak Gurseko kontzentrazio esparruan

Bigarren Mundu Gerran, euskal iheslariak Gurseko kontzentrazio-esparruan giltzapetzeko oinarri politikoa 1939ko azaroaren 18ko dekretua izan zen. Dekretu horren arabera, “Defentsa nazionalarentzat arriskutsuak ziren norbanakoak zentro batean espetxeratu behar ziren”.


Jean Ibarnegaraik, garai hartan, Frantziako Gobernuko Estatu ministroak, bultzatu zuen erabakia. Gerra Zibilean, Ibarnegaraik Francoren aldekotzat jo zuen bere burua, eta 1940ko maiatzaren 25ean, Paris Soir egunkariari eskainitako elkarrizketa batean, “Frantziako lurretan zeuden separatista espainiarrak giltzapean sartzeko” asmoa adierazi zuen.


Adierazpen horiek egin ostean, azaroaren 18ko dekretuaren arabera, 1940ko maiatzaren 18tik ekainaren 1era bitartean, 570 euskal herritar atxilotu zituzten polizia eta jendarmeria zerbitzuek, eta, geroago, Gurseko kontzentrazio-esparruan hetsi zituzten.


Euskaldunen egonaldia laburra izan zen, ekainaren 23an handik atera baitziren. Baliabide materialak zituztenek euren beharrak asetzeko baliatu ahal izan zituzten, eta beste batzuk euren senide eta lagunekin elkartu ahal izan ziren. Batzuk Hego Amerika eta Ingalaterrara joan ziren itsasontziz, eta beste askok nazien aurkako erresistentzian jardun zuten. Euskal iheslari horiek osatutako lantaldeak ere sortu ziren, eta Frantziako industria-sektoreko lanetan parte hartu zuten.


Ordutik aurrera, Gurs juduen eremu bihurtu zen, eta handik 3.907 iheslari atzerriratu zituzten Auschwitzera.


Jean-Claude Larrondek, DEIA egunkariaren Historias vascas sailean, 2015/05/16an, argitaratutako erreportajea erantsi diogu artikuluari.