Efemeridea 2022ko otsailaren 21a

Euskaldunen belardia

1937ko otsailaren 21etik 23ra, Kandido Saseta eta beste ehun bat gudari hil ziren Arecesen (Asturias), Oviedo matxinatutako militarretatik askatzeko ahaleginetan.

Euskaldunen belardia

Asturiasko hainbat brigada Gerra Zibilean Euskal Herrian borrokatu ziren bezala, euskal herritarrek ere bi brigada eraman zituzten Asturiasera, Oviedo askatzeko erasoaldian laguntzeko.


Kandido Saseta komandantearen brigada EAJko batailoi batek («Amaiur»), EAE-ANVko beste batek («Eusko Indarra») eta UGT eta PSOEko batek («Indalecio Prieto») osatzen zuten, 1.800 soldadu inguruk.


1937ko otsailaren 21eko goizeko bostetan, artilleria erruz aritu ondoren, erasoaldia hasi zen. Kandido Saseta komandantearen ardurapeko brigadaren egitekoa Nalon ibaia zeharkatzea zen, Lleratik Valdunu eta Premoño aldera, geroago, nazionalen posizioak erasotzeko La Parra, Areces eta El Murion. Hamar bat metrailadore eta fusil metrailadore zain zituzten. Operazio horretan, Saseta bera eta ehun bat gudari erori ziren. Sarraski handiena gertatu zen tokiari “euskaldunen belardia” izena jarri zioten.


Argazkia: gudariak Oviedoko erasoaldian. Kandido Saseta seigarrena da ezkerretik.


Guillermo Tabernillak eta Julen Lezamizek 2012ko otsailaren 18an argitaratutako Las brigadas vascas en la ofensiva de Oviedo erreportajea erantsi diogu artikuluari.