Efemeridea 2021ko uztailaren 15a

Euskara Katedra, ofiziala EHUn

1977an jarri zen abian. Koldo Mitxelena izan zen lehen arduraduna, Henrike Knörr lagun zuela.

Euskara Katedra, ofiziala EHUn

1977ko uztailaren erdialdean, euskal hedabideek unibertsitatearen eremuan garrantzi handia izan zuen albiste baten berri eman zuten: lehen aldiz, unibertsitate publikoaren barruan, Euskara Katedra sortu zen UPV-EHUri lotutako Arabako Unibertsitate Ikasgunean.


Ordura arte, unibertsitate pribatuetan baino ez zegoen katedrarik, hala nola Deustuko Unibertsitatean eta Donostiako GIUTIn. Arabako Unibertsitate Ikasgunearena, baina, lehenengoa izan zen euskal unibertsitate publikoan.


Koldo Mitxelena hizkuntzalaria izan zen katedraren lehen arduraduna eta urrian hasi zen eskolak ematen Henrike Knörr euskaltzain eta katedradun arabarraren laguntzarekin.
Proiektua Iruñean aurkeztu zen, Larraona Ikastetxe Nagusian, Udako Euskal Unibertsitatearen 5. edizioaren barruan.


Programa berean aurkeztu zen Euskaltzaindiari atxikitako UZEI (Terminologia eta Lexikografia Zentroa), euskara berritzeko eta, irakaskuntzaren, administrazioaren, komunikabideen eta lan-munduaren esparruan, mundu modernora egokitzeko helburu nagusiarekin.


Gaur, uztailak 15 dituela, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legearen 40. urteurrenaren atarian, Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak mintegi bat antolatu dute Legearen printzipioak, helburuak, gabeziak eta eraginkortasuna aztertzeko, bai eta hizkuntza biziberritzeko bide berriei buruz hausnartzen jarraitzeko ere. Streaming bidez lotzea dago mintegiarekin: www.sabinoarana.eus.

 

Argazkia: 1977an, Euskara Katedra sortu zen Arabako Unibertsitate Ikasgunean, Koldo Mitxelena buru zela.