Efemeridea 2020ko abenduaren 3a

Euskarak ere badu bere eguna

Gaur, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu ohi dugu.

Euskarak ere badu bere eguna

Denboraren poderioz, euskaldunen hizkuntzari eskainitako egunak hainbat aldaketa izan ditu. Lehen “Euskararen Eguna” 1927ko irailaren 4an izan zen, Arrasaten (Gipuzkoa). “Euskaltzaleak” elkarteak antolatutako ekitaldia izan zen aurreneko hura. Euskaltzaleak kultura talde sortu berria zen, euskara eta euskal literatura aldeztu, zabaldu eta lantzeko helburuz. Inolako zalantzarik gabe, oihartzun handiko ekitaldia izan zen lehenengo hura, eta 500 partaide eta ordezkari baino gehiago izan ziren bertan, hala nola Euskaltzaindiko kideak, Nafarroako Euskararen Adiskideak elkartekoak eta garai hartako euskal aldizkari eta astekari nagusietako ordezkariak, besteak beste, Argia, Jaungoikozale, Jesusen Biotzaren Deya, Zeruko Argia eta Txistu.


Jardunaldi hartan, Euskaltzaleak elkarte sortu berriaren funtzionamenduaren oinarriak ezarri ziren. Gauean “Txanton Piperri” operaren emanaldia izan zen eta Arrasateko talde batek hainbat euskal doinu abestu zituen.


1927aren aurreko urteetan, Primo de Riveraren gobernuek euskarari egindako jazarpenaren barealdia aprobetxatuta, Elgoibarren eta Mutrikun ere “euskal jaiak” antolatu ziren, baina ez ziren izan euskarari eta euskal kulturari beren-beregi eskainitako jaialdiak.


Arrasatekoaren ostean, Euskararen bigarren eguna Zumarragan ospatu zen, urtebete geroago, 1928ko irailaren 29an, San Migel egunean. Bertan, euskal idazleen batzar batek “Kirikiño” Literatura saria sortzeko oinarriak ezarri zituen, Mañariko Ebaristo Bustintza idazlearen omenez.


Gerraren ondoren, erbestean, 1949. urtean, Eusko Ikaskuntzaren Ameriketako Institutuak, Argentinako hainbat euskal etxerekin batera, Euskararen Egunari berriro ekin eta nazioarteko ikuspegiz landu zuen. Abenduaren 3an egin zen, Nafarroako zaindari den San Frantzisko Xabierkoaren eguna delako. Izan ere, Xabierko San Frantzisko Txinan hil zen, eta hilzorian zegoela, Antonio haren lagun leialak ulertu ezin izan zituen azken hitzak euskaraz esan zituen, hau da, santu nafarraren jatorrizko hizkuntzan.


Euskararen Nazioarteko Eguna nazio hizkuntzaren alde egiteko beste elementu erkide bat izan zen euskal diasporako iheslari politiko eta ekonomikoentzat.


Euskararen Eguna Euskaditik urrun hainbat hamarkadatan ospatu ondoren, eta antolatu ez zen urte batzuetako aldia atzean utzi eta gero, 1995ean, Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak indarrak batu zituzten gure hizkuntzaren aldeko egun hori erakundetzeko.


Artikulu honekin batera doaz DEIA egunkariaren Historias de los vascos (Deia) sailean argitaratutako bi erreportaje:

Sabin Arana: Euskara egitasmo politikoa ere da (Joseba Agirreazkuenaga) 2011/11/26

Sabino Arana y el euskera, ¡qué dijo y qué dicen que dijo! (Gotzon Lobera) 2019/11/30